«Jende berria gerturatu da Sorturen eratze prozesura»

Ane Olaizola 2013ko mar. 1a, 10:00

Jon Bastarrika eta Udagoien Prieto (Ane Olaizola/Hitza) «Duela bi urte ezinezkoa zirudien ezker abertzaleak legezkoa izango zenik, eta orain ezinezkoa dirudi legez kanpokoa izango denik», dio Jon Bastarrikak, Azkoitiko Sortuko koordinatzaileak. Ezker abertzalea hamar urtez legez kanpo egon ostean, lehenengo kongresua egin zuen Sortuk joan zen larunbatean, herriz herri eratze prozesuak egin ondoren. Gainontzeko herrietan bezala, Azkoitian hiru hilabetez aritu dira alderdiaren ildo politikoak edota oinarri ideologikoak eztabaidatzen eta zehazten, eta horren inguruan hitz egin du UROLA KOSTAKO HITZA-k Bastarrika (Azkoitia, 1987) eta Udagoien Prieto (Santurtzi, 1985) Azkoitiko Sortuko komunikazio arduradunarekin. Zer moduz joan da Azkoitiko Sorturen eratze prozesua? Jon Bastarrika: Ondo joan da. Azkoitian, historikoki, ez da eztabaidetarako indar asko egon, eta horregatik jarri genituen gutxienetik hazten joango ziren helburuak. Lehenengo eztabaidetan, batez ere, orain arte militante izan direnek hartu zuten parte. Hirugarrengoan eta zerrendak onartu eta barne hauteskundeak izan zirenean, herritar gehiago hurbildu ziren. Zentzu horretan, helburuak bete ditugu. 20 lagun inguru hasi ginen, eta azken batzarrean 40 pertsona baino gehiago elkartu ginen. Urtetan ezker abertzalearen inguruan lanean aritu diren pertsonez gain, beste jende bat ere gerturatu da. Herrietako eztabaida saioak nola eraman dituzue maila nazionalera? Udagoien Prieto: Pertsona bakoitzak izan du ekarpenak egiteko aukera, emendakinen bidez. Alde batetik, testuak aberasteko hobekuntzak proposatu dituzte, eta egokiak izan badira, beste herrietako proposamenekin batera ponentziara joan dira. Besteak testu alternatiboak izan dira; zerbaitekin ados egon ezean, aldaketak bozkatu dira, eta onartutakoak maila nazionalera joan dira. Herriz herri onartutako edukiak maila nazionalera eramatea prozesu berritzailea izan al da? U.P.: Guztiz berritzailea izan da. Euskal Herri mailako ponentzia egiteko joan zen maiatzean barne eztabaida bat hasi genuen. Eztabaida saioak egiteko ideiak azaldu zituzten orduan. Oinarriak osatzen joan dira eztabaida saioetan, eta ekarpen horiekin guztiekin egin da ponentzia. Zer ardura du herriko koordinatzaileak? J.B.: Batzar eta lan taldeen jarraipena egingo dut. Alorrak koordinatuko ditut, eta guztien arteko komunikazioa bermatzea izango da zereginetako bat. Herriko plangintza eta jarduera eskualdekoarekin ere lotuko dugu. Herritik eskualdera eta Euskal Herrira eta kontrako norazkoan datozen lanak eta eztabaidak herriratuko ditugu. Zer erronka ditu Azkoitiko Sortuk? J.B.: Alderdia bera egituratu da, eta mahai edo kontseilu zabal bat egituratuko dugu orain. Mahai iraunkorrerako bozetan hautatu zituztenak eta beste arloetan parte hartzen duten jendeak osatuko dugu. Azkoitiko Sortuk datozen lau urteetarako izango dituen helburuak finkatuko ditugu. Helburu horien arabera, zein lan talde indartuko ditugun eta nola antolatuko garen erabakiko dugu. U.P.: Aldaketa politikoa emanda dago, eta orain aldaketa soziala eman behar da, poliki-poliki, etengabe. Azkoitiarren babesa duzuela sentitzen al duzue? U.P.: Politikoki aldaketa bat izan da azken urteetan. Beraz, azkoitiarren zati bat proiektuaren alde dago. Egoera berritzen joateko lana ondo egin behar da orain. J.B.: Orain dela bi urte udal hauteskundeak izan ziren, eta herritarrek aldaketa eskatu zuten. Aurten hauteskundeak izan dira, eta herritarrek berretsi dute aldaketa horretarako konfidantza badutela. Sorturen asmoetako bat eskualdeak indartzea da. Nola egingo duzue hori? U.P.: Inguruko testuingurua ikuspuntu orokorretik hartu behar da kontuan; esaterako, ekonomiari irtenbidea eman nahi badiogu, ezin dugu herriaren egoera soilik kontuan hartu. Eskualdeko ikuspuntua hartu behar da kontuan. Horretarako koordinazio mahai bat egongo da, eta eskualdeko plangintzak egingo dira. Egungo egoera politikoa kontuan hartuta, Sortuk zeri egin behar dio aurre? U.P.: Bizi dugun blokeo egoerari. Bakea nahi ez dutenen blokeoa hautsi behar dugu. Behingoz bake justua izatea eta gatazkaren ondorioak konpon daitezen nahi dugu. J.B.: Horrek izan behar du lehentasuna. Aldaketa politiko baten aurrean gaude, bere garaian ezker abertzaleak egin zuen hausnarketa baten eraginez. Honek hainbat pauso eman ditu egoera honetara iritsi arte. ETAk ere eman ditu, eta honen aurrean gobernuek ere emango zutela espero zen. Baina ikusi dugu blokeo egoera probokatu dutela; are gehiago, aldaketak egon direla ukatzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide