Bertan behera utzi dituzte Emeterio eta Zeledonio jaiak Martirietako auzotarrek

Ane Olaizola 2013ko otsailaren 28a

Meza ondorengo hamaiketakoa, Emeterio eta Zeledonio festetan ( Irene Elorza/Hitza) Azkoitiko Marietako auzotarrek ez dituzte izango Emeterio eta Zeledonio festak aurtengoan. Oztopoak oztopo, normaltasunari eutsi, eta festak ospatzekoak ziren auzoko bizilagunak hasiera batean. Azkenean, ordea, bertan behera uztea erabaki dute, duela bi aste izan zen luizi handiaz gain, azken egunetako elurteek zaildu egin dituelako bideak konpontzeko lanak, eta okertu haien egoera. Igandean da Emeterio eta Zeledonio martirien eguna, eta auzotarrak bihartik ordura artean ziren jaiak ospatzekoak, ohiko egitarauarekin. Baina auzorako errepideen egoera txarraren eraginez, ohi baino herritar eta auzotar gutxiago bertaratuko zirela uste dute antolatzaileek. «Maiatzean Pentekoste jaiak ospatzen ditugu, eta horiek iritsi zain egongo gara», diote. Eguraldia lanak atzeratzen Joan zen otsailaren 12an Martirietan izan zen lur-jausiak GI-3172 errepidean eta inguruetan eragin zituen kalteak konpontzeko lanek, berriz, aurrera jarraitzen dute. Baina azken egunetako eguraldiak moteldu egin du martxa. Gainera, pinu ugari erori dira astean zehar, eta zuhaitzak kentzen aritu dira brigadako langileak zein baserritarrak. Auzora joateko errepide nagusia lurrak eraman ondoren, Olotzatik bide alternatibo bat irekitzen ari dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundia gaur bertan da errepidea asfaltatzen hastekoa, udalak jakinarazi duenez. Errepide hori auzoaren goikaldera iritsiko da, Errezola ingurua zeharkatuz. Hasiera batean astelehenean ziren asfaltatze lanak hastekoak, baina udalak adierazi du elurraren ondorioz ezin izan dutela gaur arte hasi. Hori dela eta, hurrengo astean amaituta izatea aurreikusi dute. Aldapa askoko bidea izanik, udalak berretsi du «ahalik eta biderik zabalena» egiten ahaleginduko direla, autoak eta kamioi txikiak ere pasatzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, Ipintzatik auzoaren behealdera egitekoak ziren bidea ez dute egingo azkenean, «oztopoak» aurkitu dituztelako bertan. Horren ordez, Lapatza baserriko pista txukunduko dute, eta handik San Juan oilo-granjara joateko bidea egokituko dute. Inaxio Gorosabelek adierazi du, gainera, ondoren abeltegirako beste pista bat egin beharko dutela, lurrak eraman duelako hara joateko errepidea, eta ezin delako «berreskuratu». Bien bitartean, behin-behineko Aizpurutxoko bidea erabili dezakete lur orotako ibilgailuek; Martirietara joan-etorrian ibiltzeko Aizpurutxoko bide bat egokitu dute, eta auzotarrei herrigunera joateko eta auzora itzultzeko zerbitzua ematen die udalak. GI-3172 errepideari dagokionez, berriz, ur korronteak desbideratu dituzte, eta udalak adierazi du horrek lurra egonkortu egin duela. Izan ere, errepide berria egin beharko du Aldundiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide