Herritar ugari bertaratu ohi da Azkoitiko Outlet Azokara. (Hitza)
Azkoitiko Herrixen Merkatari Elkarteak laugarren aldiz antolatu du
outlet azoka. Hala, asteburuan zehar herriko saltokietako produktuak ohi baino merkeago erosteko aukera izango dute herritarrek Azkoitiko IV. Outlet Azokan. Aurten, ordea, hiru eta hamar urte bitarteko umeentzako zaintza zerbitzua ere egokituko du elkarteak, azokara joaten direnek erosketak «lasaiago eta erosoago» egin ditzaten. «Ahalik eta erraztasun gehien eman nahi dizkiegu herritarrei», adierazi du Olaia Zabaletak, Herrixen elkarteko teknikariak.
Elkargunean bi areto zabalduko dituzte, eta handienean azokan postua izango dendak egongo dira. Ondoko areto txikian, berriz, umeentzako jolasak prestatuko dituzte, eta bi begiralek zainduko dituzte. Lehen urtean ere eskaini zuten zerbitzua, eta orduan izan zuen harrera dela eta, aurtengoan ere errepikatzea erabaki dute.
Larunbat eta igandean zabalduko dute outlet azoka, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Laugarren aldi honetan elkarteko hamabi dendak hartuko dute parte. Aurreko urteetan baino gutxiago izango dira. Izan ere, Zabaletak adierazi du aurreko urtean parte hartu zuten bost saltoki itxi egin dituztela. Elkartearen arabera, urtea zaila izan da herriko saltokientzat. «Krisia sektore guztietan nabari da, baita herriko merkataritzan ere. Hainbat saltoki egoera larrian dago, eta horren isla da denda batzuk itxi egin direna».
Ekimena «gustukoa»
Azkoitiko merkataritza sustatu eta saltokiek gehiago sal dezaten, ordea, halako ekimenak formula egokiak direla aipatu du teknikariak. Izan ere, aurreko hiru urteetan Azkoitiko Outlet Azokak «harrera oso ona» izan duela azpimarratu du. «Oso balorazio ona egin dugu urte guztietan. Bi aldeek gustura hartzen dute ekimena. Izan ere, dendariek almazenean dituzten produktuak ateratzeko eta saltzeko aukera izaten dute; herritarrek, berriz, produktu egokiak merke erosteko aukera izaten dute». Hori hala, aurtengoan ere ekimenak erantzun ona izango duelakoan da elkartea.