Ezkerretik bigarrena, Ahmed Subhawi Chak bizilaguna, hainbat lagunekin atzean erretako zonaldea dutela (Ane Olaizola/Hitza)
Urtea bete zen astelehenean Kale Nagusiko 10. eta 14. zenbakietako etxebizitzek su hartu zutenetik. 2012ko otsailaren 11ko goizaldean ezustean esnatu ziren bizilagunak, kearen mehatxupean. Ordubata aldera piztu zen lehendabizikoz sua, eta suhiltzaileek amatatu bazuten ere, ordu batzuk geroago berpiztu egin zen, eta bizilagunek eta ingurukoek soinean zutenarekin pasa zuten gaua, kalean. Gogoan dute guztiek gau «hotz» hura. Guztiz kiskali ziren etxebizitzak, eta horien obra-hondakinak ezbeharraren arrastoak dira oraindik ere; hesi batek espaloiaren alde guztia hartzen du, bertatik pasatu ezin dela ohartaraziz.
Zortzi familia bizi ziren bi eraikinetan, eta horietatik asko etorkinak ziren. Ahmed Subhawi Chak Basawa, Qaisar Abbas Chandala, Kashaf Aslam Pascual eta Shafqaat Nawaz Nigrian. Emozio eta pena handiz oroitzen dute gau hura. «Familia asko bizi ginen, eta ezer gabe geratu ginen», diote. Aurrera egitea lortu dute dagoeneko, eta herriko beste etxebizitza batzuetan bizi dira egun. Orain, ondo daudela jakinarazi dute, baina urtea «zaila» izan dela diote. «Etxeek su hartu zutenetik arazo handiak izan ditugu etxebizitza berriak aurkitzeko. Herriko etxebizitzen alokairua oso garestia da. Erre ziren etxebizitzak ziren merkeenak. Arazoak ditugu ordaintzeko, lanean ez gaudelako finko, eta askok familia dutelako».
Bizilagunek beste etxe bat aurkitzea izan dute zereginik zailena, baina dokumentazio guztia berreskuratu behar izan dute, eta etorkinek nekez lortu dute hori. «Etxeak su hartu zuenean, soinean genuenarekin atera behar izan genuen, eta gauza asko galdu genituen, horien artean dokumentazioa. Baimen guztiak lortuta genituen, eta berreskuratzea oso zaila izan da. Hara eta hona ibili behar izan dugu, eta oztopo askorekin egin dugu topo. Lehenbizi leku batera bidaltzen gintuzten, eta han paperek ez zutela balio esan, eta beste batera bidaltzen gintuzten». Dagoeneko lortu dute dokumentazio guztia, baina hamar hilabete behar izan dituzte horretarako. Zentzu horretan Azpeitiko Udalak bulegoetara bideratu eta informatzen lagundu diela nabarmendu dute. Udalarena ez ezik, herritarren eta Caritas edota Gurutze Gorriak erakundeen laguntza eskertu dute bizilagunek, arropak eta mantak eman baitizkiete azken hilabeteetan. Izan ere, gauza asko galdu zituzten sutean. «Ez dugu ezer berreskuratu. Alokairuan bizi ginen, eta guk behintzat ez dugu zentimorik jaso. Dagoeneko onartu dugu etxea eta materiala galdu duguna, baina oso zaila izan da onartzea». Ekonomikoki asko eragin diela nabarmendu dute.
Etxea onik, baina kaltetuak
Suak hartu zuten etxebizitzetako bizilagunek buruan ondo gordeta dute orain urtebeteko gaua, baina baita inguruko biztanleek ere. 10. eta 14. zenbakietako herritarrek ez ezik, ondoko bebarruetako askok ere gaua kanpoan pasa behar izan zuten. Ondorengo egunetarako, udalak herriko hotel bat egokitu zuen etxera itzuli ezinda zeudenentzat. Horietako bat izan zen Amaia Zabaleta. Erretako bi eraikinen atzean bizi zen azkoitiarra bere familiarekin, 12. zenbakian. Haren etxebizitzak su hartu ez bazuen ere, ondoan egonik, lehenengo egunak gertukoen etxean igaro zituzten familiartekoek. Haientzat ere azken urtea «nekeza» izan dela argitu du Zabaletak, oraindik orain ezin dutelako beren etxean bizi. «Etxetik kanpora egon gara urtebetez, argi indarrik ez dugulako izan orain arte, eta lortzeko kudeaketak egiten aritu gara urte osoan».
Hamargarren zenbakiaren atzean dute etxebizitza, eta bidexka batetik joaten ziren hara. Etxeak kiskali zirenetik, ordea, bidea itxita dute. Hori hala, aurretik erosita zuten beste etxebizitza baten bizi dira ordutik. «Zentzu horretan, zortea izan dugu, baina nire gauza guztiak han daude oraindik». Hasiera batean ibaiaren atzeko aldetik joaten ziren bertara, baina orain hesiak zabalduz sartzen dira etxebizitza zaharrera. Bide horretan, erakundeen «laguntza falta» sumatu du Zabaletak. «Inpotentzia handia sentitu dut. Asko luzatu da prozesua, eta berandutzen joan da. Agiri asko egin behar izan ditut, eta beti atzetik ibili beharko dugu. Urte osoan hala ibiltzea nekagarria da».
Ikuskatze teknikoak
10. eta 14. zenbakietako eraikinak erre zirenean, larrialdiko zenbait neurri hartu zituen udalak.
Bi eraikinak «hondamen egoeran» izendatu zituen, horietako baten etxeaurrea erori ondoren. Zutik eutsi zion erretako egitura ere bota egin zuen udalak, eta obra-hondakinak bertan daude oraindik ere. Udalak jakinarazi du zaborra «segurtasun neurri» gisa dagoela han. «Erre ziren etxeak ondoko eraikinen euskarriak ziren, modu batean, eta obra-hondakinak ondoko etxe horiek eusteko daude», adierazi du Esther Lizarralde udaleko zinegotziak.
Seigarren eta zortzigarren zenbakiak dira ondoko etxeak. Udalak nabarmendu du eraikin horiek ere «zaharrak» direla, eta horregatik hartu dituztela neurriok. Hori hala izanik, 6. eta 8. zenbakietako etxejabeek ikuskatze teknikoak egin dituzte, etxebizitzak zein baldintzetan dauden jakiteko.
Izan ere, erretako etxeen eremuari irtenbidea ematea ondoko eraikinen egoerak baldintzatuko duela adierazi du udalak. «Ezin dugu garbitu edo ireki lekua ondoko etxeekin zer gertatuko den jakin arte».
Jabeek dagoeneko egin dituzte ikuskatzeak, eta iazko abenduan udalean aurkeztu zituzten. Udala, orain, aztertzen ari da, eta txostena egingo du. Horretarako, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den txostenarekin kontrastatuko du. Etxebizitzak, Alde Zaharrean egonik, babes berezia dute, eta horregatik Eusko Jaurlaritzari ere eskatu dio udalak etxebizitzak ikuskatzeko. Prozesuak luze jo izanaren arrazoia hori dela adierazi du udalak.
«Ez da bakarrik udalaren ardura, erakunde eta faktore asko daude tartean». Dena den, Lizarraldek azpimarratu du udala prozesua arintzeko tramiteak eta azterketak egiten ari dela. Hala, behin emaitzak eskuartean dituenean hasiko dira guneari behin betiko irtenbidea emateko proiektua lantzen.