Martirieta eta Azkoitia artean mendi bide bat egokituko dute, Aizpurutxotik

Nerea Uranga 2013ko otsailaren 14a

Azkoititik Martirieta auzora artean gertatutako luizia. Argazkia atzo arratsaldean ateratakoa da. (Argazkilaria: Asier Altuna) Herenegun baino lasaiago, baina kezkatuta daude Azkoitiko Martirieta auzoko bizilagunak. Auzotik, baserritik, herrira autoz ezin jaitsita gelditu dira Martirietako 30 bat baserritako ehun bizilagunetik gora, herenegun goizean Azkoititik Martirieta auzorako GI-3172 errepidean gertatu zen lur-jausi baten ondorioz. «Luizia geure lurretan gertatu da, urak zelaia eta pinudia eraman ditu. Ur asko doa eta gaur [atzo] ere lurrak behera egiten du», zioen atzo goizean telefonoz Agerre Zahar baserriko amak, Inmaculadak. Herrira ezin jaitsita gelditu dira Agerre Zahar baserrikoak ere: «Hemen gaude, ezin irtenda. Geure sukaldeko leihotik ikusten dugu luizia. Lur asko joan da bidera». Agerre Zahar baserrian aita-amak, semea eta haren emaztea eta hauen bi alaba bizi dira. «Semearen emaztea herrira lanera jaitsita zegoen luizia gertatu zenean. Haren bi alabak hemen zeuden, baina urduri jarri eta semearekin jaitsi ziren oinez Susaeta baserriraino, eta ama bila etorri zitzaien. Baina semeak gaueko hamarretan lanera jaitsi behar zuen, eta lanetik deitu zioten lasai egoteko esanez. Gaur [atzo] ere hamarretan da lanean sartzekoa, eta lanera joan behar duela esaten ari da», kontatzen zuen atzo goizean baserriko amak. Etxeko bilobak-eta senide batzuen etxean daude herenegundik. Bizilagun asko, adinekoak Martirieta auzoan edadeko pertsona asko bizi dela zioen Agerre Zaharreko Inmaculadak. «Adineko asko bizi da hemen, senarrak ere 81 urte ditu». Zortzi bat egunerako jana badutela zioen atzo Agerre Zaharrekoak. «Momentuz badugu jana hozkailuan. Baserrietan-eta horrela izaten da eta». Ganadua ere badute baserrian. «Behiak-eta 15-16 buru baditugu, eta haiek ere barruan badute jatekoa». Atzo herenegun baino lasaiago zeudela zioen Inmaculadak. «Baina beti ere hortxe aurrean dugu, sukaldeko leihotik bistan». Martirieta auzotik gora dagoen Irisarri baserrian ere aita-amak bizi dira, baita alaba ere, etxera ezkonduta, seme-alabekin. «Alaba eta haren senarra biak lanean dabiltza behean. Luizia gertatu zenean bat behean zen, eta bestea, berriz, justu-justu pasatu zen», dio Irisarri baserriko ama Saturninak. Herrirako bidea itxita dagoela eta «etxean sartuta egon» beharra daukatela zioen atzo telefonoz. «Bestela, zer egingo dugu, bada? Lur-jausi handia gertatu dela diote, eta bidea ireki bitartean egon egin behar. Okerragoa gertatu ez denean...». Lasai zegoela zioen Irisarriko amak, baina adinekoak direla-eta, tarteka akordatu, eta «estutasuna etortzen» zaiola zioen telefonoz bestaldetik Saturninak. «Adinekoak gara; neuk 85 urte ditut, eta senarrak 89. Gainera, datorren astean Donostian medikuaren kontsulta bat ere badut». Irisarritik herrira sarri jaistekoak direla azaltzen zuen Saturninak: «Lanera edota beste edozertara hemendik asko jaisten gara herrira». Gainera, baserrian ganadua ere badute, ardiak eta behiak. Azkoititik Martirietako GI-3172 errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da. «Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikoek eta politikoek horretaz hitz egiteko bilera egin dute, eta bidea Diputazioaren ardura denez haiek hartu behar dituzte luizi eta errepide horren gaineko erabakiak», azaldu du Inaxio Gorosabel Azkoitiko zinegotziak. Hala ere, atzo Martirietako baserrietako bizilagunekin egon ziren udal ordezkariak, eskain ditzaketen zerbitzuei buruz hitz egiteko. «Ur asko dator, lokatz handia dago, eta hor makinak sartu aurretik pixka bat lehortu egin beharko du», zioen atzo Gorosabelek. Martirietako errepideko lanek «luze joko» dutela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak Aizpurutxotik mendi bide bat egokituko dute. Bide horretatik mendiko ibilgailuekin edota lur-orotarikoekin ibiltzeko aukera izan dezaten. Baina lur-jausia kentzeko lanak hasi aurretik, «lurra egonkortu eta pixka bat lehortu» beharko duela esan dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Bide Azpiegituretako arduradunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide