Azken egunetako euriteen ondorioz, Azkoitiko Martirieta auzoan luizi handi bat gertatu da gaur goizean, eta lurrak GI-3172 errepidea hartu du; ondorioz, bidea moztuta dago, eta auzoko 30 baserri inguru inkomunikatuta daude.
Lekukoen arabera, 10:30eak inguruak gertatu da luizia, herrigunetik bi kilometro eta erdira, eta lurraz gain, inguruko zuhaitzak ere erori dira bidera; Azkoitiko Udalak adierazi duenez, gainera, litekeena da lurrak errepidea eraman izana. Oraindik, ordea, ez dute baieztatu hala gertatu denik, arratsaldean oraindik mugitzen ari baita zorua, eta hura geratu bitartean ezin dute gertaeraren larritasuna zehaztu. «Lurra asentatu arte itxaron behar dugu, eta orduan hasiko gara neurriak zehazten», adierazi du Inaxio Gorosabel udaleko zinegotziak. Dena den, udalak aurreratu du inkomunikatuta dauden baserritarrek beste bi astez hala egon beharko dutela. «Lurrak errepidea eraman badu, ordea, prozesua gehiago luzatuko litzateke, errepidea berriro egin beharko luketelako», gaineratu du zinegotziak.
Honen esanetan, «mila kamioikada baino gehiago» beharko dira pilatutako lur guztia kentzeko. Udalak egoera «arriskutsua» dela ohartarazi du, lurrak oraindik mugitzen ari delako; «10:30ean gertatu zen luizia, eta 12:30ean oraindik lurra behera zioala ikusten genuen», adierazi diote Urtia-Handia baserrikoek Urola Kostako Hitza-ri. Lapatza baserritik gorako guztiak geratu dira inkomunikatuta, eta horietako bat da Urtia-Handia baserria; «Udalak hamabost egunez herrira jaitsi ezinik egongo garela esan digute, baina denbora asko da hori, gehiegi. Ez dakit nola moldatuko garen», adierazi dute baserritarrek. Martitera bideko errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta bertako eta Udaleko teknikariak goizean izan dira lekuan bertan, egoera aztertzen. Bertako bizilagunentzako neurri zehatzak lurra geratu bezain pronto hartzen hasiko badira ere, bi erakundeakgaur hasi dira lehenengo neurriak aztertzen. Hala, Gorosabelek adierazi du baserritarrek «larrialdirik» izanez gero, helikopteroz mugituko dituztela biztanleak. Halaber, aziendari pentsua eramateko bideak ere zehaztuko dituztela adierazi du; izan ere, Martiteko zati batera ibilgailuz joan ezin bada ere, «bide alternatiboak» egingo dituztela adierazi dute. Hain zuzen, Aizpurutxo auzotik Martitera oinez joateko aukera badagoela adierazi du Udalak.