Julen Iriarte: «Sari moduan hartu dut Eibarrera jokatzera itzultzeko proposamena»

Ane Olaizola 2013ko otsailaren 7a

(Argazkia: Eibar SD) Julen Iriarte (Azkoitia, 1991) azkoitiarra Eibarrera itzuli da. Denboraldi hasieratik Laudioko taldean ibili da, Eibarrek utzita. Orain, hala, Hirugarren Mailan ibiltzetik bigarren B mailan jokatzera pasako da aurrelaria, Laudioko taldean izan dituen emaitza onei esker—zortzi gol sartu ditu—. Duela zazpi urte hasi zen Iriarte Eibarren jokatzen, kadetetan, eta Eibar B taldean aritu zen iaz arte. Aurrerantzean talde nagusian arituko da. Nola hartu duzu Eibarrek zu berreskuratu izana? Denboraldi hasieran Laudiora joan nintzen, Eibarrek utzita. Eibar B taldean aritu nintzen ordura arte, hirugarren mailan. Iazko denboraldi amaieran taldea desagertu egin zen, arazo ekonomikoen ondorioz. Beraz, zazpi jokalari beste taldetara joan ginen, utzita, egunen batean Eibarrera itzultzeko asmoz. Hasiera batean esan ziguten denboraldi osoa beste taldeetan egingo genuela, baina itzultzea proposatu didate, eta aukera aprobetxatu egingo dut. Gustura jaso al duzu aukera berria? Laudion eta Eibarren jokatzea oso desberdina da. Egia esan, ezustean hartu nau eskaintzak, eta gustura nago. Laudion denboraldiko golegile nagusia izaten ari zinen. Saria izan al da Eibarren eskaintza? Bai, sari bezala hartu dut Eibarrera itzuli izana. Gauzak ondo egiten ari nintzen orain arte, eta horren seinale izan da Eibarrera itzultzeko esanez deitu izana. Aukera eman zidaten Laudion geratzeko, baina Eibarrera itzultzeko gogoz nintzen. Zergatik aukeratu duzu Eibarko taldea? Laudion ere gustura nengoen. Talde polita genuen, eta lehenengo postuan daude, gainera. Baina Eibar maila altuagoan dago, eta gehiago erakartzen ninduen. Ikasteko asko balioko dit talde honek. Ze ekarpen egingo diozu talde berriari? Beste taldeetan baino lehiakortasun handiagoa dago hemen, kategoria altua duelako eta bere mailan bigarren postuan dagoelako, besteak beste. Taldeko gazteenetako bat naiz, eta bertan ikastea da nire helburuetako bat. Aukera guztiak aprobetxatuko ditut, eta taldeari ahal dudan gehien lagundu nahi diot. 2015era arte sinatu duzu kontratua. Zein izango da zure erronka denboraldiotan? Aurtengo helburua pixkanaka taldean egonkortzea izango da. Hurrengoei dagokienez, berriz, urtetik urtera taldea zer egoeratan dagoen ikusi beharko da. Gaizka Garitano izango duzu entrenatzaile. Ezagutzen al duzu? Bai, azken bi urteetan Eibar B taldeko entrenatzailea izan da, eta ordutik ezagutzen dut. Hori abantaila izango da niretzat. Gainera, uste dut Eibarrera itzuli naizela entrenatzaileak badakielako taldean zer ekarpen egingo dudan. Beste eskaintzarik jaso al duzu? Aurten ez. Laudiora joan aurretik beste bi taldeen eskaintzak nituen, baina hango eskaintzak gehiago erakarri ninduen. Zure aita ere Eibarren ibilitakoa da. Harengandik al datorkizu zaletasuna? Berak bultza ninduen futbolean hastera. Beharbada harengatik dut futbolarerako sena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide