ELAk "prebentzio planifikazio eza" salatu du hildako langilearen kasuan

Ane Olaizola 2013ko urtarrilaren 29a

Helmet, gloves, ear defenders and goggles Hil egin da joan zen asteartean Azkoitiko Cooperativa Azcoitiana Industrial S.Koop enpresan larri zauritu zen langilea. Igande arratsaldean hil zen J.M.G., 46 urteko behargina, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean, istripuaren ondorioz zituen erredura larriengatik. Atzo izan zen hileta elizkizuna, Azkoitiko parrokian. Gaur astebete gertatu zen ezbeharra Bazterretxe industriguneko galdategian. Burdin edukiontzia apurtu, eta gori-gori zegoen burdina gainera erori zitzaien hiru langilei, eta zendu den behargina bete-betean harrapatu zuen azpian. Hirugarren eta laugarren mailako erredurak jasan zituen gorputzaren %95ean, eta ordutik ospitalean egon da azkoitiarra. Beste biek, berriz, zauri arinak izan zituzten, batak eskuan eta besteak bizkarrean. Urola Kosta eskualdean aurten lan istripuetan hil den lehenengo langilea da. LAB sindikatuaen arabera, Euskal Herri mailan hiru dira dagoeneko 2013an lanean hil direnak. ELAk lan istripuak eragindako heriotza salatu du; honen arabera, «prebentzio planifikazio» ezaren ondorioz gertatu zen ezbeharra; «galdategi honetan prebentzio neurrien faltek eragin dute istripu larri hau». Halakorik errepikatu ez dadin enpresei eskatu diote prebentzio legea bete dezatela, «langile guztien segurtasuna bermatzeko dagozkion neurriak ezarriz». Era berean, erakunde publikoei «legea betearazi» dezatela eta «konpromiso gehiago» izan dezaten eskatu die. Eredu berriaren beharra Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, adierazi du «osasunari lehentasuna» emango dion «lan harreman eta prebentzio eredu berria» sortu beharra dagoela. Hain zuzen, eredu horrek «lan duina» eta «segurtasuna» bermatu behar duela nabarmendu du. Horretarako, gizarte eta ekonomia arloko eta erakunde publikoei «batera eta norabide bakarrean» aritzera dei egin die. Aldundiaren arabera, hildako langilearen kasua «egiturazko arazoa» da. Horri aurre egiteko «prebentzioa», «prestakuntza» eta «osasunaren kontako jazarpena» oinarritzat hartu ditu erakundeak. Hala, enpresei dei berezia egin die lan segurtasunaren eta osasunaren inguruko araudia «zorrotz» bete eta bebearazi dezatela. Azkoitiko Udaleko PSE-EEko bozeramaile Miguel Raimundezek, bere aldetik, adierazi du erakundeen «berehalako lehentasuna» izan behar dela «lan ezbeharrekin» amaitzea. Lan istripuek erantzun «egokia» eta «koordinatua» izan dezaten, prebentzioa indartu behar dela uste du. «Argi ikusten da egun indarrean dauden neurriak ez direla egokiak eta nahikoak». ELAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udaleko PSE-EEk samina eta elkartasuna adierazi diete hildakoaren senideei, lankideei eta lagunei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide