BasHerri taldeak sendotzeko ahalegina egingo dute baserritarrek Azkoitian

Ane Olaizola 2013ko urtarrilaren 25a

[caption id="attachment_55866" align="aligncenter" width="300"]2011n Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean egin zituzten topaketak. (Argazkia: Sanagustin kulturgunea) 2011n Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean egin zituzten topaketak.
(Argazkia: Sanagustin kulturgunea)[/caption] Kontsumo taldeen BasHerri Topaketak egingo dituzte bihar Azkoitian, eta sarearen barruan dauden taldeek eta interesa duten herritarrek egungo nekazaritzaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute goizean hasita, Elkargunean. Biolur Elkarteak eta EHNE sindikatuak antolatu dituzte topaketak, eta horien arabera egitasmoak BasHerri Sarea sendotzea izango du helburu. Horretarako, bakoitzaren bizipenak partekatuko dituzte. «Gipuzkoan martxan dauden BasHerri talde eta kooperatiba guztietako herritar eta baserritarrak elkartu nahi genituzke egitasmoan, ekitaldiak giro atseginean eginez». Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako, eta hamaika ekitaldi izango dituzte 09:30eatik aurrera; orduan egingo diete guztiei ongi-etorria. Ekitaldien artean, elikadura burujabetza eta agroekologia ardatz duten EH Kolektiboa eta Hazien Sarea egitasmoak aurkeztuko dituzte. Lehenengo proiektuak Euskal Herriko baserritarrek eta herritarrek agroekologiaren inguruko ikuspegiak garatu ditu. Euskal Herriko Hazien Sareak, berriz, Gipuzkoan «galtzeko arriskuan» dauden haziak ditu oinarrian. Horiek berreskuratzeko egin dituzten ikerketak azalduko dituzte. Antolatzaileek adierazi dute gaian interesa duen edonork izango duela bertaratzeko aukera. 15:30etik 16:30era bitartean aurkeztuko dituzte bi egitasmoak. Helburuak gauzatzeko ideiak Topaketetan BasHerri taldeek dituzten «ahultasunak» eta «arazoak» identifikatuko dituzte, eta horiei irtenbidea emateko guztien iritziak jasotzeko asmoa dute. Tailerrak askotariko talde dinamiken bitartez eramango dituzte aurrera. Hala, taldeka banatuta, bakoitzak bere proposamenak egiteko aukera izango du, eta ondoren guztiak landuko dituzte. Goiz eta arratsaldez egingo dituzte tailerrak. Hain zuzen, 10:00etatik 13:30era bitartean egingo dute BasHerri taldeak sendotzeko ahalegina. Tailer horietara, beraz, talde eta kooperatibetako kideek ez ezik, BasHerri taldea sortzeko interesa duen edozein nekazarik, herritarrek zein eragilek ere parte har dezaketela nabarmendu dute. Arratsaldean jarraituko dute saioek, eta aurretik zehaztutako helburuak gauzatzeko pausoak emango dituzte. «Azkenengo BasHerri Topaketetan sarearen helburuak zehaztu genituen, eta orain asmo horiek betetzeko ekarpenak eta lantaldeak zehaztuko ditugu», adierazi dute. Ordu eta erdiko saioa izango da. Bata eta bestearen artean, ordea, topaketetan bertan bazkaltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Honako menua izango dute: barazkiekin eta oilaskoarekin egindako risottoa, postrea eta edaria. Laugarren aldiz egingo dituzte BasHerri Topaketak bihar. Azkenekoz Azpeitian egin zituzten, 2011ko azaroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide