Etxebizitza hutsen gainordaina neurri berria da (Hitza)
Azkoitiko Udalak ez du ezarriko 2013. urterako onartutako hainbat ordenantza fiskal, GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ez direlako garaiz publikatu. Besteak beste, herriko etxebizitza hutsei ezartzekoa ziren zerga gainzama eta Ondasunen Gaineko Zergaren KPIaren araberako igoera, %2,4koa, bertan behera geratuko dira aurten. «Urteroko prozedura jarraitu dugu ordenantza fiskalak onartzeko. Batzordeen saioak eta osoko bilkurak zegozkien moduan eta zegozkien epeetan egin ziren», azaldu du udal gobernuak. Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko «koordinazio eta komunikazio arazo teknikoen» ondorioz, baina, ordenantza aldaketak ez dira abenduaren 31 baino lehen publikatu. Hori hala, aldaketok ezin izango dira ezarri aurten.
Udalak iazko urrian onartu zituen 2013ko ordenantza fiskalak. Ohiko bizitokia ez diren etxebizitzei %100eko gainordaina ezartzea erabaki zuen orduan, azkoitiarrek hutsik dauden etxeak alokaigai jar ditzaten, eta herritarren «etxebizitza eskubideak bermatzeko». Lehenengo aldiz jarri nahi zuen martxan neurria udal gobernuak, eta abenduko osoko bilkuran errekargua ez ordaitzeko salbuespen gehiago zehaztu
zituen. Hain zuzen, aldaketen ondotik bidali zituzten behin betiko ordenantzak Aldundira, abenduaren 28an. Aldaketak, ordea, urtarrilaren 7an argitaratu dira. «Aldundiak eskutitz bat igorri zuen, bidaltzeko azken eguna abenduaren 27a zela esanez. Guk, ordea, ez genuen gutuna jaso, ordenagailuarekin izan genituen arazoen ondorioz», argitu du Urrategi Alberdik, Azkoitiko zinegotziak.
Horrez gain, hasiera batean uraren eta zaborraren gaineko hobariak eta uraren gaineko tasan merkatarietzako beherapenak bertan behera geratuko dira lehenengo hiruhilekoan.
Eragina, kontribuzioan
Aldaketek, oro har, udalaren kontribuzioari eragingo diete. «Ondorio ekonomikoak izango ditu, diru gutxiago bilduko dugulako». Alberdiren arabera, ordea, erabiltzen ez diren etxebizitzen inguruko neurriak «helburu nagusia mantenduko du». «Herritarrek badakite gainzama onartu dugula, eta hurrengo urtean neurria martxan izango da. Etxebizitzek erabilera izatea nahi dugu, eta ondorio hori izango du. Neurriaren helburu nagusia zen hori».
Zinegotziaren arabera, tasak bertan behera geratzeak «juridikoki ez du irtenbiderik». Dena den, herritarrei zein udalari eragin diezazikieken «arazo eta eragozpenak» zuzentzeko ahaleginetan ari dela aipatu du udal gobernuak, eta halakorik errepikatu ez dadin «bitartekoak» jarriko dituela azpimarratu du.