Okene Abrego: «Azken urteetako trilogian oinarrituko da kontzertua»

Aritz Mutiozabal 2013ko urtarrilaren 22a

Okene Abrego abeslaria Larunbatean kontzertua emango dute Azkoitiko plazan Inoren Ero Ni eta Anai-Arrebak taldeek. Euskal herriko palindromo musikatuenak hamar urte bete ditu. Inoren Ero Ni taldeak hamardaka bat egin du musikagintzaren ibilbide zigi-zagatsuan. Orain artean, nabarmentzeko moduko diskoak sinatu dituzte Okene Abregok (Andoain, 1965) eta bere anparatuek, eta lan horiek izango dituzte oinarri larunbatean, Azkoitiko herriko enparantzan eskainiko duten emanaldian. Jaialdia 23:00etan iragarri dute, eta Anai-Arrebak talderekin partekatuko dute oholtza. Fregoli azken diskoa ardatz hartuta, ikuskizun berezia taularatu zenuten duela hilabete batzuk,  Mikel Zudaire eta Blami artistekin elkarlanean. Larunbatean ikuskizun hori izango al da ikusgai, ala zuen ohiko kontzertua eskainiko duzue? Kontzertua bera eskainiko dugu. Lagun horiekin eginiko elkarlana jaialdi jakin baterako prestatu genuen zehazki; hau da, Albaceteko zinemaldirako. Geroztik ez dugu beste inon taularatu, eta oraingoz ez dugu berriz taularatzeko inolako asmorik. Proiek­tuarekin jarraitu nahiko genueke, bai, baina ez dakigu noiz. Aspalditik geneukan buruan artista haiekin kolaboratu eta elkarrekin zerbait egiteko gogoa. Jada egin dugu, eta nork daki denborarekin berriz eskaintzen dugun. Eta kontzertua nola egituratzeko asmoa duzue? Zuen ohiko emanaldia izango al da? Gure azken hiru biniloak aurkeztuko ditugu. Fregoli diskoa osorik joko dugu, baita aurreko bietako –Gronhölm eta Fosbury– abesti gehienak ere. Azken fi­nean, Inoren Ero Ni taldearen kontzertu arrunt bat izango da, aparteko berezitasunik edo ezusterik gabe. Beraz, gure azken urteetako trilogian oinarrituta egongo da kontzertua. Azkoitia zer moduzko plaza da Inoren Ero Ni taldearentzat? Herriko plaza nahiko hotza izaten da. Erosoago sentitzen gara areto itxi eta ez oso handietan, egia esan. Plazetan zaila izaten da komunikazioa, eta are gehiago zonaldearen arabera, adin tartearen arabera eta abar. Baldintzatzen duten gauza asko izaten da. Hala ere, ez da gauza bera ikusleak bi metrotara zutik eta ia altura berean izatea, edo lehenengo ikuslea zortzi metrotara egotea eta zu zeu ia bi metroko altueran. Dena dela, guk guztia emango dugu, beti bezala. Azkenengo aldiz Azkoitin izan ginenean jende dezente gerturatu zen gu ikustera, eta oso gustura aritu ginen arren, ez da plaza erraza izaten. Beraz, aretoetako taldea zaretela esan al genezake? Bai, geroz eta gehiago gainera. Plazetan ere aritzen gara, egun ere ez baita erraza toki batzuetan jotzea. Ondorioz, nahiz eta aretoak izan gustuko, edozein eremutan jo behar izaten dugu. Taldeak energia handia du zuzenekoetan. Egiten duzuen musika bizi egiten duzue eta, era berean, ikusleei biziarazi egiten diezue. Transmisiorik gabe jai dago? Hori da. Gu asko saiatzen gara hala izan dadin. Egoera bakoitzaren arabera zailagoa edo errazagoa izaten da. Edonola ere, gurean sinesten dugu, eta guretzako egiteaz gain, parte-hartzea ere bilatzen dugu; ikuslearen erantzuna, nolabait esateko. Eta hori gertzen bada, askoz ere handiagoa gerta daiteke edozein kontzertu. Fregoli trilogiaren hirugarren eta azken lana da. Hasi al zarete abesti berriak lantzen, hurrengo diskoari begira? Hain justu ere, hasi berriak gara hurrengo diskorako abestiak ateratzen. Taldean aldaketa handia izan dugu: aurretik anaia Mikel aritzen zen bateria jotzen, eta hark egindako lanaz Guantxe arduratzen da gaur egun. Orain arte Mikelek egindakoa egiten aritu da, baina iritsi da guztia bereganatuta duen sasoia. Orain, bere prisma eta ukitua eransten hasi da. Zorionez, duela hilabete hasi ginen entsegu lokalean abesti berriekin lanean, eta une honetan Guantxek berak markatzen gaitu bateriarekin datozen konposizio berrietan. Larunbateko zuzenekoan abesti berririk entzuteko paradarik izango al dute jarraitzaileek? Ez, oraindik gauza berririk ez dugu joko. Baina jakin dezatela hasi garela disko berria izango denarekin lanean, eta urte bukaerarako ez dakit lan berria kalean izango dugun, baina espero dut abestiak mamituta izatea eta zuzenekoetan jotzen hastea. 2003an sortu zenuten taldea, eta konturatzerako hamarkada bat igaro da. Zer-nolako balorazioa egiten duzue orain arteko ibilbideaz? Ziztu bizian doa hau! Orain arte egindako ibilbideaz oso harro gaude, eta aurrera jarraitzeko gogoz, gauza berriak egiteko eta ikertzeko. Nik uste dut taldea oso momentu onean dago, izandako aldaketen ondoren ere, eta egindako azken hiru diskoen eskarmentuarekin. Bolada onean gaude, eta espero dut hori islatzea gure hurrengo lanean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide