Ismael Conde
Ismael Condek (Azkoitia, 1976) Inazio Alberdi ordezkatuko du Musika Bandan, eta taldeko zuzendaria izango da aurrerantzean. Alboan, berriz, Carlos Muñoz izango du; hura izango da bigarren zuzendaria. Conde eta Muñoz flauta-jotzaileak aurretik Azkoitiko bandan ibilitakoak dira, azken urteetan albo batera utzita bazuten ere. Biek hala biek dituzte goi mailako ikasketak, eta hain zuzen, hori da bandak izan duen irizpideetako bat zuzendari berriak aukeratzeko orduan. Bandak adierazi duenez, hasiera batean urtebetez egongo dira karguetan.
Nola hartu duzu bandak zu aukeratu izana zuzendari?
Lau urte inguruz bandako zuzendariordea izan nintzen, eta arrazoi pertsonalak medio banda alde batera utzi beharra izan nuen denbora batez, duela pare bat urte. Orain, Inazio Alberdik banda uztearen albisteak sorpresaz hartu gaitu, baina irtenbidea nahiko sinplea ikusten genuen. Erabakia azkar hartu behar izan dugu, eta aurretik ere elkarrekin lan egin dugunez, lehen aukeretako bat izan naiz. Guztien artean jarri gara ados.
Orduan, erabakia argia izan al da?
Bai, herrikoa eta banda ondo ezagutzen duen norbait nahi zuten. Zalantza batzuk bazituzten, bere garaian banda alde batera utzi nuelako, eta horregatik beste alternatiba bat ere pentsatu zuten. Erabakia egokia izan dela uste dut. Guztien artean saiatuko gara taldea aurrera ateratzen, eta norabide berean joaten, banda herritarren artean ezagunagoa izan dadin.
Erronka gisa hartu al duzu?
Bai. Niretzat erronka da, baina baita banda guztiarentzat ere. Talde bat gara, eta guztiok batera egin behar dugu lan. Bidea bere erara egin duen taldea izan da banda, eta orain herrira zabaldu behar dugu. Ahal bezain pronto herriko taldeak bateratu egin behar dugula uste dut; musika orokorra izan arren, ezin dugu bakoitza geure erara joan. Guztiok batera lan egiten ahalegindu behar dugula uste dut; hala nola, abesbatzakin, musika eskolarekin eta, oro har, musika jorratzen duten beste taldeekin.
Asko dago aldatzeko, eta horreatik da erronka. Aldaketak guztiok nahi ditugu egin. Horretarako borondate handia dago, eta ahal bezain ondo egingo dugu.
Taldean zer ekarpen egingo duzu?
Haize freskoa ekarriko dudalakoan nago. Taldearen estiloa eta giroa berrituko dut, baita bertako kideen harremanak ere. Belaunaldien arteko aldaketa da. Beste modu batera lan egingo dugu, beti ere guztien arteko giroa lehenetsiz. Hori da egin dezakedan ekarpen garrantzitsuena.
Bandak beste garai bat hasiko duela uste al duzu?
Bai, dudarik gabe. Guztiok dugu buruan beste aro bat hasiko dela, eta bandak herrian beste irudi bat izan dezan lan egingo dugu.
Aurretik bandan flauta-jotzailea izandakoa zara, ezta?
Bai, hamabi urte nituenean hasi nintzen, eta 24 urte inguruz aritu nintzen horretan. Azkoitian ez ezik, Getariako bandan ere ibili izan naiz, eta Zumaiakoa zuzendu izan dut. Jendea eta beste taldeetako lan dinamika ezagutzeko balio izan dit horrek, eta baliagarri izango zaigu orain.
Pertsonalki, zer eman dizu bandak?
Umea nintzenetik musika erabat sentitu dut; familiatik datorkit. Musikan egin ditudan ikasketak etorkizunera begira egin ditut, eta bandako musika betidanik gustatu izan zait. Oso gustura egon naiz bertan.
Carlos Muñoz izango da bigarren zuzendaria. Nola konponduko zarete?
Biok hutsetik hasiko gara. Beraz, argi utzi nahi izan dugu zuzendaritza lanak banatu egin beharko ditugula. Txikitatik ezagutzen dugu elkar. Carlosen irakaslea ere izan nintzen duela zenbait urte, esaterako. Taldeko antolakuntzari dagokionez, berriz, bandako kideen oniritziarekin arituko gara. Bandan giro ona dago, eta errespetua izatea oinarri sendoa da lanerako orduan.
Muñozek zer ibilbide du?
Carlos profesionalki gehiago aritu izan da musikan, eta musika eskolako ikaslea zenean izan zen bandako kidea. Ondoren, Donostiara joan zen ikastera, eta han beste aukera batzuk sortu zitzaizkion; hala nola, orkestretan-eta irakasle gisa aritu da.
Momentuz urtebetez egongo zarete postu berrietan.
Guztiok ezustean harrapatu gaitu egoera honek, lehenago edo geroago gertatuko zela baldin bagenekien ere. Uste dut pixkanaka joan behar dugula, epe motz eta ertaineko helburuak zehaztuz. Egin ahala ikusiko dugu jarraitu edo ez.
Epe luzeko proiektu bezala hartzen al duzu erronka hau?
Pertsonalki, ez dut uste nire zuzendaritza epe luzekoa izango denik. Egoera pertsonalak bestelako esparru batera eraman nau. Orain zuzendaria izango naiz, aspaldiko urteetan hala desio izan dudalako; ahal dudan guztia egingo dut, baina epe ertainekoa izango dela uste dut. Ez dakit zenbat iraungo duen nire zuzendaritzak, baina momentuz egunez egun arituko gara lanean.