Inazio Alberdi, musika bandarekin kalejira bat egiten Azkoitian
Urte Zahar Eguneko kontzertuan agurtu zuen Inazio Alberdi
Pipix-ek Azkoitiko Udal Musika Banda. Hamabi urtez bandako zuzendari izan ondoren, abenduaren
31n egin zuen publiko erabakia, bandaren eta emanaldira bertaratu ziren herritarren aurrean. Bandak, orain, haren ordezkoa aukeratu beharko du. Batzordeko kide Juan Mari Arruabarrenak UROLA KOSTAKO HITZA-ri adierazi dionez, zuzendari eta zuzendariordearen bila ari dira egun, zehazki. Atzo iluntzean bertan zen banda zuzendari berriaren inguruan eztabaidatzekoa.
Alberdik ez du banda uzteko arrazoia argitu. Hala ere, Arruabarrenak egunkari honi azaldu dionez, «belaunaldi saltoa» egon da bandan: «Gazte asko daude, bultza egiten dute, eta salto handia dago batzuen eta besteen artean. Pentsakerak ere desbedinak dira». Dena den, juntako kideak ez du uste taldean «giro txarra» dagoenik, eta aurrerantzean bandak bestelako ildo bati helduko diola uste du. «Alberdik aurreko zuzendari Juan Manuel Larrañaga
Txanbolin-en postua hartu zuenean, haren eskolarekin jarraitu zuen. Gazteek, orain, beste musika estilo bat eskatzen dute». Hain zuzen, «gazteengana hurbiltzea» da batzordearen nahietako bat.
Batzordeak hainbat irizpide hartuko du kontuan posturako egokiena aukeratzeko. «Banda zuzentzeko ikasketak izatea beharrezkoa izango litzakeela uste dugu». Orain, guztien artean «moldatu» beharra izango dutela nabarmendu du juntak. Hala eta guztiz ere, «azken onarpena» udalak emango duela jakinarazi du Arruabarrenak. Kultura zinegotzi Ibon Arrietak, bere aldetik, adierazi du datozen egunetan dela bandarekin biltzekoa, eta udala «lanean» hasiko dela prozesua bideratzeko.
«Lan handia» egina
Alberdik dozena bat urte egin ditu bandaren gidari, baina ia bizitza osoa eskaini dio bandako jardunari; 58 urtez izan da bertako kidea. «Solfeoan aritzen nintzen, eta hamaika urte egiteko nituenean hasi nintzen bandan, Txanbolinen bidez. Aberasgarria izan da, eta asko gozatu dut. Nire emazteari eskerrak emateko moduan nago, horrenbeste urtean eman didalako sostengua. Baita Txanbolini ere, eman didan laguntzarengatik». Arruabarrenaren esanetan, berriz, Alberdik «lan handia» egin du zuzendari bezala. «Zuzentzen ez ezik, solfeo ikasketak eskaintzen ere urte askoan aritu da, eta azkoitiar ugarik ikasi dute harekin». Bandako batuta utzi badu ere, musika ez du alboratuko Alberdik. Izan ere, parrokiko abesbatzako zuzendaria ere bada, eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere.