Ezkerretik, Urrategi Alberdi zinegotzia, Pello Bastarrika alkatea eta Inaxio Gorosabel zinegotzia, atzo (Ane Olaizola/Urola Kostako Hitza)
Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, Elgoibarko Bernardo Ecenarro enpresa Azkoitira aldatzeko azken pausoa eman dute. Azkoitiko Gobernu Batzordeak ahalbidetu zuen abenduaren 26an, enpresa eraikitzen hasteko baimena emanez. Azkoitiko alkate Pello Bastarrikak adierazi du aurretik zimendatze, egitura eta itxidura baimenak emanda zituela udalak. Beraz, alkatearen arabera «dena prest dago enpresa eraikitzen hasteko».
Datorren astean hasiko dituzte zimendatze lanak. Astelehenean bertan, enpresako arduradunek udalari jakinarazi diotenez. Hurrengo hilean, berriz, lantegia bera eraikitzen hasiko direla argitu dute. Bastarrikak jakinarazi duenez, enpresak 2013. urte amaitzerako lanak amaituta izatea eta enpresa Elgoibartik Azkoitiara eramatea aurreikusten du, 2014ean jarduna has dezan herrian.
Pintura eta barniz industriala egiten dituen enpresak 54.000 metro koadroko azalera izango du guztira, eta Egino Berri industrigunean kokatuko da. Horietatik 27.000 metro koadro eraikiko dituzte orain, eta hasiera batean hiru pabiloiz egongo da osatuta. Aurrerago, berriz, beste bi pabiloi eraikitzeko asmoa dutela adierazi du udalak. «Sustantzia sukoiak erabiltzen dituzte, eta segurtasuna bermatzeko handia izan behar du pabilioien arteko distantziak», adierazi du Inaxio Gorosabel zinegotziak.
Oinartxo zabortegiaren inguruan egongo da enpresa, baina egun erosita dituzten lurrak «garbiak» direla adierazi du udalak. «Hasiera batean lehengo zabortegiaren lurretan eraikitzea zen enpresaren asmoa, baina oraindik lixibiatuen tratamenduak egiten ari dira bertan, eta horregatik ondoko lurretan eraikitzea erabaki zuen gero», adierazi du Gorosabelek. Lixibiatuen tratamendua amaitzean lurrak erosteko «aukera» izango duela gaineratu du Bastarrikak.
«Onura herriarentzat»
Alkateak adierazi du «berri ona» dela herriarentzat, eta lortutako emaitzarekin «oso gustura» daudela nabarmendu du. Izan ere, enpresa Azkoitiara joateak herrian «onurak» eragingo dituela uste du, «garrantzia handiko enpresa» delako.
«Fakturazio handiko» enpresa da Bernardo Ecenarro, eta produkzioaren %45 inguru esportatu egiten du, gehien bat Europara. 63 langile ditu enpresak. Hori hala, azken hilabeteetan «kudeaketa ugari» egin dituztela adierazi du Bastarrikak. «Hasieratik argi izan dugu enpresa hori gurera etortzea oso garrantzitsua zela, eta hori lortzeko ahalegin osoa egin dugu», berretsi du.
Dena den, Ecenarro lekuz aldatzeko prozesua «espero baino gehiago» luzatu dela uste du alkateak, tartean hainbat «oztopo tekniko» sortu delako. «Azkenean proiektu bat onestera iritsi gara, eta gainditu ditugu lanketa teknikoak». Enpresak, hasiera batean, enpresa 2013rako Azkoitian martxan izatea aurreikusten zuen, handitze prozesua gauzatu zedin instalazio berriak eta handiagoak behar dituelako.