Azkoitiko Udaleko langile eta politikariek ez dute abenduko aparteko ordainsaririk izan, eta horren ordez ekainekoa kobratuko dute urtarrilean, aurreratuta. Hala onartu du udalak, Gabonetako ordainsariaren auzia bideratu nahian. Udalak bertako langileekin «aurretik hala adostuta» erabaki du lansaria aurreratzea, eta hasiera batean neurriak zinegotziei eragiten ez bazien ere, haiek bat egin dute langileekin, Espainiako Gobernuak onartu duen legea «inposaketa» delakoan. «Ez zaigu justua iruditzen Espainiako Gobernuak onartu duen legea. Negoziaziorik gabe onartu du, eta Espainiako Konstituzioko Negoziazio Kolektiboaren Eskubidea urratu.
Horrez gain, udal bakoitzak aztertu beharko luke defizitaren muga, eta 2012ko aurrekontuetan dagoeneko gordeta Genuen gabonetako aparteko lansaria», azaldu du Urrategi Alberdik, udaleko zinegotziak.
Joan den astean egindako bilkuran onartu zuten ordainsariak aurreratzea, aurtengo behin betiko ordenantza fiskalekin batera. Iazko azaroan 2013ko tasak eta zergak onartu zituen udalak, eta Azkoitiko etxebizitza hutsei %100eko gainzama ezartzea adostu zuten. Orain, berriz, aldaketak egin eta errekargua ez ordaitzeko salbuespen gehiago zehaztu dituzte. Hala, adinduen egoitzetan ez ezik, tutoretzako etxebizitzetan bizi direnek ere ez dute neurri hori izango, beti ere jabetzan duten lehenengo etxebizitzari dagokionez. Halaber, menpekotasun ebazpena jaso eta etxea utzi behar izan dutenek ere ez dute gainzamarik izango. Bizigune eta Alokagune erakundeek etxea utzi diotenek eta urtarrilaren 1erako horiekin kontratua sinatua dutenak ere neurritik kanpo geratuko dira. Era berean, etxebizitzen banaketa horizontalik ez dutenek eta ordainagiri bakarra dutenek neurri bereziak izango dituzte.
Halaber, uraren eta zaborraren tasen gainean hobari berria izango dute 2013an herritarrek, eta udalak hobari horiek zehaztu ditu. Hobariak lortzeko diru sarrerak eta etxebizitzako kideak hartuko dituzte kontuan, eta gutxiengo soldatarekin alderatuko dute. Horien arabera, %25 eta %95 bitarteko hobariak eskainiko ditu udalak. Eskariak urtarrilean zehar egin beharko dira, udaletxean bertan.
Giza eskubideak «babestu»
Horrez gain, udalak zenbait mozio onartu zituen; PSEk aurkeztuta eta Bildurekin adostuta, giza eskubideen aldeko adierazpena onartu zuten, eta «indarkeria mota guztien» biktimekiko elkartasuna adierazi dute udal alderdi guztiek. Horrez gain, «giza eskubideen» eta «elkartasunaren» alde egiteko erakunde «erreferentea» izan dadin konpromisoa hartu dute.
Azkoitiko Herrira plataformako hainbat kide ere izan zen udalbatzarrean, horiek ere presoen eskubideen aldeko mozioa aurkeztu baitzuten. Mozioarekin bat eginik, udalak «kezka» azaldu du presoen senideek eta ingurukoek horiek bisitatzeko «astebururo» jasaten duten «arriskuarengatik», eta «elkartasuna» adierazi die «sakabanaketaren biktimei». Hala, Espainiako Gobernuari eskatu diote presoen ingurukoen «giza eskubideak» errespetatzen dituen espetxe politika ezar dezan, eta bat egin dute urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioarekin. Halaber, «bakearen eta giza eskubideen errespetuaren» alde inplikatu daitezen bizilagunak animatuko ditu udalak.