Leo Harlemek (Leon, Espainia, 1962) eta Dani Delacamara umoristek bakarrizketa saioa eskainiko dute hilaren 27an, 22:00etan, Baztartxo antzokian. Saio guztiek «arrakasta» izaten dutela adierazi du Harlemek, eta Azkoitiko antzokia ere goraino beteko da. Izan ere, sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.
Nolako saioa izango da?
Umorezko bakarrizketak egingo ditugu Delacamarak eta nik. Bakoitzak bere zatia izango du, eta ondoren biok batera arituko gara. Ordubete eta 40 minutuko ikuskizuna izango da.
Ohi bezala, kirolaren inguruko txiste ugari izango da, ezta?
Gai asko jorratzen ditut, baina kirolarena da ezagunena beharbada, jan-edanarenarekin batera. Hala ere, zuzenekotan aldaketa batzuk izaten ditugu.
Horrenbeste gorroto al duzu kirola?
Ez, inondik inora. Ondo ezagutzen dut kirola, eta oso gustuko dut. Baina uste dut bakoitzak ezagutzen duenaren inguruan egin behar duela umorea; egokiagoa dela uste dut. Jendea harritu egiten da, baina bizikletak asko gustatzen zaizkit, eta horiek biltzen ditut. Arte martzialetan ere ibilitakoa naiz. Kirolaren aurka ez dut ezer, baina egungo bizi estiloa barregarri uzten saiatzen naiz; guztiok egon behar dugu apain-apain eta itxura onean, eta hori tontakeria hutsa da.
Edana ere ondo ezagutzen al duzu, orduan?
Bai. Hamabi urtez zerbitzari izan nintzen, eta gaua ondo ezagutzen dut. Neuk ere asko irten dut gauetan; ondo dakit zer den.
Azkoitiko saioak ere ildo horri jarraituko al dio?
Bai, baina joaten naizen lekuetako bertako kontuekin egokitzea gustatzen zait. Gauza orokorrak azaltzen ditut, bertako ohituren eta bizi estiloaren ingurukoak. Oso saio ona izango da.
Zer espero duzu Azkoitiko publikoarengatik?
Leku askotan egon gara, eta harrera oso ona izaten ari gara guztietan, baita Euskal Herrian ere; pozez zoratzen gaude. Azkoitikoa ere arrakastsua izango da.
Delacamararen ondoan izango zara. Nolakoa da bera?
Fenomeno hutsa da. Bakarrizketa oso dibertigarriak egiten ditu, eta oso ondo imitatzen du. Oso gertukoa da. Gure helburua ez da pertsona jakin batzuengana iristea; gure umorea guztiei dago zuzenduta. Ezusteko atsegina izango da, eta oso ondo pasako du publikoak, seguru.
Noiz hasi zinen honetan?
Profesionalki 2003an hasi nintzen. Zerbitzari izateari utzi nion, eta El club de la comedia lehiaketara aurkeztu, eta finalera iritsi nintzen.
Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Jende asko ezagutzen dut, dibertigarria da, eta ondo tratatzen naute. Gainera, ordaindu egiten didate.
Esaten duzunaren arabera, umorea ondo saltzen da, ezta?
Umore saioek oso ondo funtzionatzen dute. Honetan gabiltzan edonork esaten du hori, arrakasta handia izaten dutelako. Ez dakit bidezkoa al den hori, aktore oso onak daudelako eta jendea ez delako haiek ikustera joaten. Gu, ordea, ezin gara kexatu. Ahoz aho zabaltzen dira saioak, eta entretenigarriak dira. Ondo pasatzen dute ikusleek.
