Esther Sudupe, Pello Larrañaga eta Koro Epelde, Gazteria Zerbitzua.
Azkoitiko Gazteria Zerbitzuak hamarkada bat bete du, eta Esther Sudupe (Azkoitia, 1971) Gazte informatzailea eta koordinatzaileak, Pello Larrañaga (Azkoitia, 1965) teknikariak eta Koro Epelde kale hezitzaileen proiektuko arduradunak azken urteetako jarduna eta zerbitzuaren bilakaera azaldu dute. Horrez gain, Artxamendin Gazte Astea izango da urtarrilaren 2tik aurrera, eta Gabonetan hamaika ekitaldi izango dituzte. Horietan parte hartzeko bihar bitartean eman daiteke izena, 943-08 38 00 edo 688-61 81 12 telefonoetara deituz.
Lan honetan hasi zinetenean zer egoeretan zegoen gazteentzako zerbitzua?
Esther Sudupe: Gazteria Zerbitzua martxan hasi baino lehen udaleko kultur arlotik eramaten zuten eskaintza. Zerbitzu propioa sortzeko beharra bazegoela ikusi zuten, eta informazio bulegoa ireki zuten 2002an, baliabide garrantzitsua zelako. Orduan hasi nintzen zerbitzu honetan. Nerabeekin dinamizazioan hasteko ekimena sortu zen gero. 2003an, berriz, ludoteka sortzeko eta dinamizazioa indartzeko beharra ikusi zen, eta taldekide gehiago batu ziren. 2009an, ludoteka Elkargunera eraman zen, eta horrek ahalbidetu zuen topalekuak bere espazio propioa izatea, proiektuari osotasuna emateko. Orain guztiak gaude eraikin berean, baina bakoitzak bere identitatea du. Zerbitzua ziklikoa dela ondorioztatu dut azken urteetan; ludotekarekin hasten dira, eta ondoren Artxamendi Topagunera doaz. Gurasoek informazioa jasotzen dute. Zerbitzu hauetan parte hartu duten gazteetako batzuk guraso bihurtu dira, eta horiek beste rol bat dute, eta beste modu batera jasotzen dute zerbitzua.
Pello Larrañaga: Zerbitzua lau eta 30 urte bitartekoentzat da. Horren baitan beste hainbat proiektu daude: ludoteka, Gazte Informazioa, Topalekua eta kale hezitzaileen proiektua.
Koro Epelde: 2006an hasi zen kale hezitzaileen proiektua. Pertsona batzuk sozializatzeko arazo handiak zituztela ikusi genuen, eta horri aurre egiteko beharra ikusi genuen. Programa bereziak egiten ditugu horientzako, eta jarraipena ere ematen diegu batzuetan. Ikastetxeekin dezenteko koordinazioa lortu dugu. Zerbitzu normalizatua da egun.
Proiektu horiek zer ekarpen egin diote Azkoitiari?
P.L.: Jende askoren erreferentea bihurtu dira hezitzaileak eta informatzailea.
E.S.: Aurpegi ezagunak bihurtu gara. Beti saiatu izan gara kalean presente egoten, eta uste dut herritarrentzat baliabide bat garela. Urteetan esperientzia bat lortu dugu, eta harremana ere sendotu egin da guztien artean. Horrez gain, herrian horrenbeste urtez lan eginda, gazteei jarraipen bat egin diezaiokegu, beti ere errespetuz, ez garelako euren gurasoak. Baina jendeak asko eskertzen du eurez gogoratu izana.
Orduan, umeek eta gazteek ondo erantzuten al dute?
P.L.: Bai, oso ondo. Hemen ez ditugu arrazak edota ikastetxeak kontutan hartzen, eta izugarrizko elkarbizitza ona dago.
E.S: Nerabeek oso gustuko dute eurei arreta jartzea. Norbaitek entzun dituela ikusten dute, eta hori oso positiboa da haientzat.
P.L.: Harreman hori, ordea, askotan ez da ikusten. Nerabezaroan gazteek euren bidea hasten dute, eta Topaleku barruko proiektua herrian ezezaguna da askorentzat.
E.S.: Nire ustez denetik dago. Badaude guraso batzuk oso esker onekoak eta parte-hartzaileak direnak, eta beste batzuk ez horrenbeste, leku guztietan bezala.
