Termitak «ia erabat» desagerrarazi dituztela diote tratametu arduradunek

Ane Olaizola 2012ko azaroaren 15a

Azkoitian termiten izurritea desagerrarazteko egiten ari diren tratamendua eta orain arte lortu dituzten emaitzak azaldu dituzte Tecnaliak ISS Facily Services enpresak. Proiektua zuzendu du lehenak, eta tratamendua egin bigarrenak. David Lorenzok (Tecnalia) eta David Morak (ISS Facily Services) jakinarazi dute termiten «foko garrantzitsuenak» dagoeneko kenduta daudela. Kontrol lanek iraun duten epean 821 gunetan jardun dute termitak hiltzen, eta horietatik bitan baina ez dira ari «modu aktiboan» lanean egun. Hau da, soilik gune horietan daude termitak orain. Beraz, gune horietan lanean jarraituko dute, tratamentua amaitzeko. Enpresek 2010ean hasi zuten tratamendua, bi urte lehenago udalak plangintza abiatu ostean. Intsektu horien sei kolonia aurkitu dituzte herrian; Alde Zaharrean, Santa Klara auzoan, Julio Urkijoko bi etxebizitzatan eta San Martin auzoan. Lorenzok adierazi duenez, egurrezko egitura duten etxebizitzak aztertu dituzte, jakin badakiten arren termitak gainontzeko etxebizitzan ere egon daitezkeela. «Ez da bideragarria herri osoa aztertzea. Gainera, harrizko edo hormigoizko egitura duten etxeetan termitek ez dute egurra jaten, eta horiek ez dituzte erasotuko». Kolonia bateko eta besteko termitak desberdinak direla adierazi dute arduradunek. Intsektuok hiltzeko amuak jarri dituzte etxeetan eta kanpoaldean, termitek pozoia jan eta hil daitezen. Horretarako, termitak egurra jaten ari direla entzuteko aukera ematen duten makinak erabili dituzte. Lorenzoren arabera, lanak «oso eraginkorrak» izan [...]

Termiten habia bat

Azkoitian termiten izurritea desagerrarazteko egiten ari diren tratamendua eta orain arte lortu dituzten emaitzak azaldu dituzte Tecnaliak ISS Facily Services enpresak. Proiektua zuzendu du lehenak, eta tratamendua egin bigarrenak. David Lorenzok (Tecnalia) eta David Morak (ISS Facily Services) jakinarazi dute termiten «foko garrantzitsuenak» dagoeneko kenduta daudela. Kontrol lanek iraun duten epean 821 gunetan jardun dute termitak hiltzen, eta horietatik bitan baina ez dira ari «modu aktiboan» lanean egun. Hau da, soilik gune horietan daude termitak orain. Beraz, gune horietan lanean jarraituko dute, tratamentua amaitzeko.

Enpresek 2010ean hasi zuten tratamendua, bi urte lehenago udalak plangintza abiatu ostean. Intsektu horien sei kolonia aurkitu dituzte herrian; Alde Zaharrean, Santa Klara auzoan, Julio Urkijoko bi etxebizitzatan eta San Martin auzoan. Lorenzok adierazi duenez, egurrezko egitura duten etxebizitzak aztertu dituzte, jakin badakiten arren termitak gainontzeko etxebizitzan ere egon daitezkeela. «Ez da bideragarria herri osoa aztertzea. Gainera, harrizko edo hormigoizko egitura duten etxeetan termitek ez dute egurra jaten, eta horiek ez dituzte erasotuko». Kolonia bateko eta besteko termitak desberdinak direla adierazi dute arduradunek. Intsektuok hiltzeko amuak jarri dituzte etxeetan eta kanpoaldean, termitek pozoia jan eta hil daitezen. Horretarako, termitak egurra jaten ari direla entzuteko aukera ematen duten makinak erabili dituzte.

Lorenzoren arabera, lanak «oso eraginkorrak» izan dira, «denbora eskatu duten arren». Izan ere, Azkoitian beste hainbat lekutan baino gehiago iraun du prozesuak. «Faktore batzuk ihes egin digute; klimak, esaterako», dio Morak. «Hala ere, emaitza  bera da guztietan». Termiten arazoa «ia %100ean» konponduta dagoela berretsi du. Hala ere, hainbat gunetan zailagoa izan da termitak desagerrarazte. «Kolonia handia bada, errazagoa da termitak hiltzea. Jateko gehiago behar dute, eta guk jarritako tranpetara errazago jotzen dute». San Martin auzoko Altuna Portu kalean izan dute arazo gehien, bertan kolonia txikia baitago. Oro har, termitak gutxitu egin dira eremu gehienetan tratamendua hasi zenetik, baina hainbat gunetan eutsi egin diote, «kopurua oso handia» zelako. Julio Urkijoko bi etxebizitzetan, esaterako, 50.000.000 termita aurkitu dituztela adierazi dute ordezkariek. Kalteak bideo batean ikusi dituzte herritarrek.

Gastuak, kalteen aldean gutxi
Kaltetutako etxebizitzen jabeek ordaindu dute tratamentua, eta haien kexu batzuk jaso dituztela adierazi du ISS enpresako ordezkariak. Dena den, kostuak termitek eragin ditzaketen kalteekin alderatuta «zeharo txikiak» direla ohartarazi du Morak. «Termiten izurriteak hondareari eragin dakiokeen kalteetan handienetakoak dira. Eta denborak erakutsiko du termitak ez direla gehiago agertuko». Termitek leku hezeak gehiago kaltetzen dute, eta «lehenago edo geroago» arazoa agertzen dela gaineratu du. Horrez gain, termiten arazoa «integrala» dela nabarmendu du Lorenzok:  «Batzuk esan digute termitak bizilagunen etxeetatik heldu zaizkiela, baina hori ez da hala. Arazoa guztiena da».

Tecnaliako ordezkariaren arabera, Azkoitikoa ez da kasu «isolatua». Orion, Mendaron eta Donostian ere egin dituzte tratamenduak. Dena den, Azkoitian «historikoki» izan du termitekin arazoa.

Emaitzak kontuan hartuta, gustura daude arduradunak. «Ezin hobeto joan da». Dena den, prozesua ez da amaitu. 2010ean hasi zuten, eta bost urteko kontratua dute udalarekin. Beraz, 2015era bitartean termiten arazoa konpontzen jarraituko dutela aurreratu dute. «Aipatutako bi guneak zaintzera zentratuko da orain». Termitentzako tranpak jarri dituzten etxebizitzetako kideei ez ditzatela ukitu eskatu diete.  «Oraindik ez dituzte kaxak kendu behar. Gu arduratuko gara horretaz. Guztiz ziur gaudenean kenduko ditugu, kontrolpean ditugunean». «Oso garrantzitsua» da kaxak bere horretan mantentzea. Hala egin ezean, tratamendua «ahuldu» egingo litzateke.

Hemen aurkitu dezakezu Azkoitiako termiten kontrako tratamentuari buruzko informazio gehiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide