Azkoitiko Udalak amaitu du Danon herrixe parte hartze prozesuko lehenengo fasea. Hurrengo urteko aurrekontuak osatzeko, bilerak egin dituzte herritarrekin, auzoka eta arloka banatuta. Batzarren bidez, azkoitiarrek herriaren egoera aztertu dute; halaber, etorkizunerako nolako Azkoitia nahi duten plazaratzeko aukera izan dute. Udalak jakinarazi duenez, bileretan ehun lagun baino gehiagok hartu dute parte, eta Elhuyar aholkularitza enpresako kideek dinamizatuta, herriaren inguruko diagnostikoa egin dute. Proposamen zehatzak egiteko aukera izango dute hilaren 10ean egingo duten tailerrean, Elkargunean, 09:30etik 13:00etara bitartean. Udalak nabarmendu duenez, ekarpenak aurrekontuak egiterakoan kontuan izango dituzte, «ahal den neurrian». Batzorde bat osatuko dute horretarako. Urola Kostako Hitza-k bileretan jasotako ekarpenak bildu ditu.
1. Auzolana
Baserri auzoetako bizilagunek azpiegitura arazoak azaldu dituzte, batez ere. Aizpurutxo, Elosu, Santakutz, Kukuherri, Madariaga, Urrategi eta Martirieta auzoetako dozena bat lagunek euren ikuspuntua azaldu dute prozesuan; oro har, eremu horietako lasaitasuna eta herritarren arteko harremana dira auzoetako indarduneak, biztanleen arabera. Bat baino gehiagok nabarmendu du auzoetako «naturgunea» ere, baita ospatzen dituzten azoka eta festak ere; Martirietan, esaterako, Zoro Festen harira, gazteen esku hartzea nabarmendu dute.
Hobetu beharreko alderdiak askotarikoak izan dira, eta auzoz auzo egoera desberdina dute. Aizpurutxon, esaterako, elizara joateko bidea «arriskutsua» dela deritzote, eta frontoia eta ondoko zubia konpondu egin behar dela uste dute. Elosun, berriz, komunikazio azaroak dituztela adierazi dute; halaber, baserriko bideek garbitzeko «beharra» dutela adierazi dute. Madariagan, «baserrien dekadentzia» salatu dute. Martirieta eta Izarraitz inguruetan, berriz, bide bazterrak garbitzeko premia dagoela ohartarazi dute auzotarrek. Arazoak konpontzeko auzolanaren garrantzia azpimarratu dute.
2. Elkarbizitza
Alde Zaharreko eta Txalon Errekakoek bizilagunei eurei eman diete garrantzia. Txalon Errekan, esaterako, «kultura askotako jendea» dagoela goraipatu dute, eta Plaza Berrian ere «bizia» dagoela adierazi dute. «Asteburuetako peatonalizazioak» eragin du horretan, besteak beste.
Hain zuzen, asteburuetako giroak hobetu beharreko alderdiak sortzen ditu Alde Zaharrean, batez ere tabernen inguruan; kaleetako «zikinkeria» eta «zaratak» salatu dituzte. Errepideari dagokionez, berriz, bizilagunek bertara sartzeko «muga» dutela adierazi dute, eta bidearen estutasunak «arazoak» sortzen dituela ohartarazi. Txalon Errekari dagokionez, berriz, bizilagunek uste dute auzora iristeko espaloiak «egoera txarrean» daudela. Bilera horretan sei lagunek hartu zuten parte.
3. Umeen parkeak
Trenbidearen Zumardiko, liburutegi inguruko, Bizkargiko eta Ibaiondoko bizilagunen bileran, berriz, dozena erdi lagun bildu zen. Indarguneei dagokienean, eremu horiek kokapen ona dutela adierazi zuten; hala nola, zerbitzu publikoak gertu dituztelako: Elkargunea, liburutegia, autobus geltokia… Umeentzako parkeak dira eremu horietako beste indarguneak; hori hala, «bizitzeko toki ona» dela uste dute batzuk.
Hala ere, horien iritziz badago zer hobeturik. Liburutegi inguruko zelaiei ez zaiela «probetxurik» ateratzen adierazi dute, hala, eta Intsaustiko parkeetan komunak behar direla aipatu dute. Gurpildun aulkietan daudenentzako irisgarritasun azaroak ere plazaratu dituzte. Horien esanetan, «autoak espaloi gainean egoten dira aparkatuta». Julio Urkijoko zaratak ere salatu dituzte.
4. Irisgarritasun arazoak
San Martin, Floreaga, Altzibar eta Ipintza auzoetako bilera izan zen jendetsuenetarikoa —28 lagun—, eta bertan jaso zituzten ekarpenak ere ugariak izan ziren. Floreagari dagokionez, «bizitzeko leku atsegina» dela adierazi dute; «leku lasaia, familia girokoa» da, eta «jolasteko leku ugari» daude. Hala ere, jolas gune horiek «zaindu gabe» daudela uste dute. Irisgarritasun arazoak ere azaleratu dituzte; hala, autobus, igogailu edo eskailera mekanikoen beharra dagoela adierazi dute. Espaloiak, berriz, «oso arriskutsuak» direla irizten diote, barandilarik ez dutelako. Auzokideek, gainera, kezka azaldu dute, ikerketa batek adierazi duelako auzoa «baztertze arriskuan» dagoela. Auzoan ordezkariak izatea proposatu dute, «udalarekin harremanetan izateko».
Ipintzako bizilagunek, berriz, «auzo lasaia» izateaz gain, «parke berde zoragarriak» dituztela deritzote. Egokitu beharrekotan, berriz, hondakinen kanalizazioa salatu dute; «zuzenean ibaira joaten dira». Azpiegitura arazoak ere salatu dituzte; zubitik etxebizitzetara joateko espaloirik ez dutela adierazi dute. Auzoen artean autobus zerbitzua egotea nahi dute.
San Martin, bere aldetik, «lasaia, paketsua eta polita» dela uste dute, eta auzotarren nortasuna eta igogailua goraipatu dituzte. Hala ere, aparkaleku gutxi dagoela adierazi dute, eta auzora igotzeko errepidea bi norabidetakoa izatea nahi dute batzuk, duela urte gutxi zegoen bezala. Hainbat espaloi ere «egoera txarrean» daudela uste dute, eta honen «arriskuaz» ohartarazi dute.
Altzibarri dagokionez, berriz, azken urteetan bizia hartu duen gunea dela adierazi dute. Hobetu beharreko alderdietan, merkataritza gehiagok auzoko giroa bultzatuko lukeela uste dute. Halaber, «trafiko gehiegi» egoten dela diote, eta Jausoro aldera oinezkoentzako zubiak egon beharko lukeela irizten diote. San Antonio egunean festak berreskuratzea nahi dute, bide batez, «auzotarrak elkar ezagutu» daitezen.
5. Langabezia, kezka
Arlo anitzetan aritzen diren eragileek egin zituzten azken ekarpenak, 24 herritar inguruk; kulturari dagokionez, taldeen «fusiorako» gaitasuna, «konpromisoa», «giroa» eta «auto-antolakuntza» dira indarguneetako batzuk. Hala ere, eragileek uste dute «bigarren mailan» daudela, «egungo arazoen ondorioz». Kultur etxea, berriz, «txukundu» beharrean dagoelakoan dira, «erabilera hobea izan dezan».
Hezkuntzaren eremuan, herrian «eredu euskaldunak daudela eta integrazioa sustatzen dutela uste dute, baina eraikinen arazoa azaleratu dute beste behin. Xabier Muniben beste egoitza bat behar dela adierazi dute. Azpiegiturak doitu behar direla ere adierazi dute. «Ikastetxeek kartzelak ematen dute». Ikastola ez ezik, Floreaga ere «txiki» geratu dela uste dute. Umeen artean, berriz, «elkarbizitza arazoak» daudela azpimarratu dute, eta horri erantzuna emateaz hausnartu dute.
Gizarte zerbitzuei dagokienez, elkarte desberdinetan lan egiten duen «jende asko» dagoela uste dute, «gazte gutxi» egon arren. Horrez gain, kezka azaldu dute herriko langabezia tasaz, eta gizarte laguntzen eta pobrezia datuen informazio falta salatu dute.
Ingurumenaren harira, ibaiak garbitu behar direla azpimarratu dute, eta zaratak murriztea eskatu. Birziklapen tasak igotzea da kezketako bat, baita Oiñartxoko zabortegia ere. Herriko enpresek zenbat kutsatzen duten azter dezatela proposatu dute.
Euskararen kasuan, herrian «erabilera altua» du hizkuntza horrek, eragileen ustez; hala nola, hitanoaren erabilera nabarmendu dute. Hala ere, herritarrak «lasaitasun egoeran» daudela uste dute, eta «kontzientzia gutxi» antzematen dute. Umeek, berriz, gaztelaniara gero eta gehiago jotzen dutela adierazi dute. Lanpostu batzuetan ez dutela euskara kontuan hartzen salatu dute, eta «gune ofizialetan euskararen hutsunea» dagoela adierazi dute. Herri aldizkari baten beharra ere azaldu dute.
