Berri Txarrak taldeak Azkoitiko pilotalekuan joko du bihar Enkore eta Kasik taldeekin batera 22:00etatik aurrera. Jaialdia Azkoitiko Tabernarien Elkarteak antolatu du, eta hirukoteak Gipuzkoan eskainiko duen azken kontzertua izango da. Sarrerak 20 eurotan eros daitezke herriko tabernetan, Zestoako Mollergi, Azpeitiako Charles Chaplin, Etxe Zuri, Jim Clark, Bergarako Etxagi eta Elgoibarko Lanbroa tabernetan eta www.kulturalive.com webgunean. Bihar, berriz, 22 eurotan egongo dira salgai, leihatilan. Berri Txarrak taldeko abeslari Gorka Urbizurekin (Lekunberri, 1977) hitz egiteko aukera izan du UROLA KOSTAKO HITZAk.
Azkoitian ariko zarete bihar. Ez da lehen aldia, ezta?
Urte asko daramagu taldearekin eta gutxi izango dira bisitatu ez ditugun euskal herriak. Oker ez banago Jaio.Musika.Hil diskoaren aurkezpen bira bertatik igaro zen, duela sei urte inguru.
Zer oroitzapen dituzue?
Alemania eta Suitzatik itzuli berriak ginen, eta bertako publikoaren berotasuna asko eskertu genuen. Soinu frogan Anari ezagutu nuen, eta ilusio handia egin zidan. Asko miresten dut.
Hara eta hona zabiltzate orain ere, HariaTour biran murgilduta.
Batzutan joan eta bestetan itzuli. Hain justu, orain Euskal Herrian hiruzpalau kontzertu eman eta, segidan, Europa aldera goaz: Italia, Eslovenia, Alemania, Herbehereak… Momentuan, bira hori ari gara prestatzen.
Jaialdi baten barruan eskainiko duzue saioa. Aurretik beste kontzertu batzuk egongo dira, eta publikoa bero-bero aurkituko duzue, ezta?
Azkoitia ez da erraza, inondik ere. Fama hori du, ez zentzu txarrean, baizik eta musikan eskarmentu handia daukan herria da eta ez da edozer gauzarekin harritzen. Baina, saiatuko gara mitoa iraultzen. Hain zuzen ere, hilabeteko eten batetik gatoz, eta badugu barruak askatzeko gogoa berriz ere.
Ezagutzen al dituzu Kasik eta Enkore taldeak? Zuzenekoetatik, akaso?
Enkore ezagutzen ditugu, bai. Kasik taldea ez, baina haien material batzuk badaude Youtube atarian, eta gauza interesgarriak dauzkatela dirudi.
Haria diskoarekin Gipuzkoan eskainiko duzuen azken kontzertua izango da. Nolako bira ari da izaten?
Berrogei kontzertu inguru eman ditugu, eta asko disfrutatzen ari gara, etxean zein kanpoan: Madrilen (Espainia) eta Bartzelonan (Katalunia), baita Londresen (Ingalaterra) ere, sarrerak agortu egin dira. Itzela da, jendeak bat egin duelako zure mezu musikalarekin. Guretzako inportantea da aurrera goazenaren sentipena edukitzea, eta ez naiz ari sarrerak agortzeaz, sortutakoarekin eta bidean hartutako erabakiekin gustura sentitzeaz baizik.
Noiz amaituko duzue bira?
Argi geneukan zuzenekoekin disfrutatzea zela aurtengo helburu nagusia, iaz lokalean eta estudioan sartuta egon ondoren. 2013an amaitu dezakegu bira, baina auskalo!
