
Campos, Astigarraga, Aristimuño eta Epelde, estreinuaren aurretik azken prestaketetan (Ane Olaizola/Hitza)
Estreinuaren bezperetan, azken prestaketak ari dira egiten Koldarrak antzerki taldekoak. Oholtza gainean lehenengo aldiz izango da taldea, eta bertan esango duten testuaz gain, eszenatokian egin beharreko mugimendu eta keinu guztiak neurtzen ari zaizkie Koldo Campos obrako zuzendaria Alberto Aristimuño, Gaizka Astigarraga, Itziar Elias eta Naroa Epelde aktoreei. Camposek berak sortutako eta Jose Luis Otamendi azpeitiarrak euskarara itzulitako Izan bedi emakumea antzezlana taularatuko dute gaur, Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean, 20:00etan.
Antzezlana paradisuan kokatuta dago, eta aktoreek ez dituzte edonolako rolak betetzen; Aristimuñok Jainkoaren pertsonaia du, eta honen «obrarik perfektuena», Adan, Astigarraga da. Eta Eva? «Paradisua inauguratzen den egunean kokatzen gara, eta gizonaren eta Jainkoaren arteko eztabaida batetik abiatzen gara. Aingeru-sugea, Jainkoaren idazkaria, ere bertan da. Baina gizonak emakumea behar du ondoan. Sortzen duena, ordea, ez da Eva, baizik eta gaur egungo testuinguruari lotutako emakumea», azaldu dute aktoreek. «Obra oso sinplea da; ekitaldi bakar batez dago osatuta, eta pisu guztia aktoreen gain jartzen du. Ofizina batean gertatzen da istorioa, Zerukoa Sozietate Anonimoan», gaineratu du zuzendariak. Istorioa garatzeko umorea da tresna, baina oinarrian, hausnarketarako bidea ireki nahi dute; «emaitza barrea izan daiteke, baina emakumearen diskriminazioaren inguruan pentsarazi nahi dugu, gizakiaren eta erlijioaren ikuspuntutik».
Antzezlanak lau pertsonaia ditu, eta Epeldek, Aristimuñok, Eliasek eta Astigarragak haragiztatzen dituzte. Camposek, berriz, gidatu egin du obra, baina cameo txiki bat ere badu. Gidaritzapen lana eskultore baten jardunarekin alderatu du idazleak; «eskultorea, bere zizel eta mailuarekin joaten da tailerrera, eta asteazkenero ukitu bat eman eta bere etxera itzultzen da; zazpi egunetara, beste ukitu bat ematen dio. Normalena da guztia pikutara bidaltzea, baina inork ez du halakorik egin; asteazkenero, bederatzi hilabetez, guztiok eman diogu kolpetxoa, eta emaitza Usurbilen ikusiko dugu». Emaitzak baino, ordea, izandako esperientziarekin da pozik zuzendaria; izan ere, jakin badaki lanak baduela zer hobeturik, baina obra «ona» dela deritzo, eta hori «oso ondo defendatuta dago».
Koldarrak duela urtebete sortu zen, Camposen ekimenez. «Aurretik apenas ezagutzen ginen elkar, eta berak deitu gintuen taldea osatzera, obra euskaraz eskaini nahi zuelako. Guztiok ginen Koldoren ezagunak, eta berak aukeratu gintuen lan honetarako», adierazi du Eliasek. Pablo Dominguez zen hasierako taldeko beste kidea, baina obra honetarako Epeldek ordezkatu zuen gero. Izan ere, antzezlan honetan bost lagunek parte hartu dute, baina taldera hainbat aktore batu dira. «Kasualitatez» sortutako taldea izan arren, azken hilabeteetan «asko finkatu» dela uste dute; izan ere, taldearen lehenengo helburua Izan bedi emakumea lana taularatzea zen, eta hori lortu dute; orain, egonkortzen joateko asmoa dute, proiektu gehiago eraman ditzaten aurrera. «Denbora pasa ahala elkar ezagutu dugu, eta gustura sentitzen gara elkarrekin». Hala, herrian antzerkiarekiko zaletasuna duen ororentzat taldea zabalik dela apzimarratu dute.
Batzuk gutxiago, besteak gehiago, baina oro har, guztiak aritu izan dira antzezpen lanetan aurrez; Elias Azpeitiko Lakrikum taldean ibilitakoa da, eta Epeldek hainbat ikastaro egin du. Astigarragak, berriz, gogoan du txikitan aritzen zela, baina betidanik izan du antzerkia gustuko.
Gaur izango da estreinua, baina aurreko larunbatean etxekoen eta ingurukoen aurrean aurkeztu zuten lana; «jende dezente elkartu zen, eta gustura hartu zuten», dio Aristimuñok. Orduko saioa pasata, lasaitu egin dira batzuk, baina oraindik badute urduritasun puntua. Aurrera begira ere hainbat hitzordu finkatuta dute; azaroaren 16an Azpeitiko Antzerki Topaketetan izango dira, eta Durangoko Azokan ere arituko direla adierazi dute. Gainera, Azkoitiko taldea Antzerki Sarearen barruan da, eta herrian aritzeko asmoa dute.
Sariak jasotako lana
Camposek Dominikar Errepublikan bizi zenean sortu zuen obra, 1987. urtean; Hágase la mujer. Hainbat urtetan latinoamerikan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan zehar konpainia desberdinek antzeztu izan dute lana. Halaber, hainbat sari jaso ditu; duela bi urte, esaterako, Dominikar Errepublikako Nazioarteko Antzerki Jaialdian Campos omendu zuten, obra honengatik. Hain zuzen, zuzendariak gogoan du omenaldira Bilduko elastikoarekin joan zela, eta bertako autoritateen artean, Espainiako enbaxadorea zegoela: «Antza, susmo txarra hartu zuen enbaxadoreak, eta erabaki zuten ni argazkitik kanpo uztea». Antzerki obra honez gain, beste lau antzezlan sortu ditu azkoitiarrak. Otamendik euskarara itzuli du antzezlana, eta aktoreek bertako testuingurua ere moldatu dutela adierazi dute, horretarako «askatasuna» izan dutelako.