Alvaro Idarraga: «Tokiko gauzetan dago kultura; bertan dago funtsa»

Ane Olaizola 2012ko urriaren 3a

Alvaro Idarraga (Manizales, Kolonbia, 1962) Kolonbiako Instituto Mayor Campesino gobernuz kanpoko erakundeko kidea da. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko kide Itziar Arkonadarekin batera, Arazo globala, irtenbide lokala hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Elkargunean. Herrialde bakoitzeko errealitatea azaltzearekin batera, kontsumo ereduen, elikadura subiranotasunaren eta nekazaritza iraunkorraren inguruan arituko dira. Ingurumen Hamabostaldiaren baitan eskainiko dute hitzaldia, Azkoitian sortzen ari den kontsumo taldeak antolatuta. Hala, gaurko saioan kontsumo taldearen filosofia eta asmoak azalduko dituzte. Hala ere, urriaren amaieran taldearen funtzionamendua azaltzeko beste bilera bat egingo dute. Zertan egiten du lan Instituto Mayor Campesinok? Gure elkarteak Kolonbiako Cauca bailarako egoera politikoa, soziala eta ingurumena hobetzeko egiten du lan. Bailara hamabost herriz dago osatuta, eta haien bizi kalitatea hobetzeko helburuz aritzen gara. Herritarrekin formazio prozesuak egiten ditugu, politikan eragiteko ahalmenak indar ditzaten. Nekazaritza asko jorratu dugu, baina gaur egun hirietan ere aritzen gara, eta herritarrak politikan parte hartzera bultzatzen ditugu, kaudimena eta ezagutza izan dezaten. Beraz, azken sei urteetan zabaldu egin dugu gure proposamena; nekazaritzatik harago goaz orain. Zein da Kolonbiako nekazaritzaren egoera egun? Gure herrialdeak, funtsean, nekazaritza du ardatz. Baina politika zentralarentzat sektore hori ez da lehentasuna. Industrian zentratu da, eta azken urteetan meatze ustiaketan ere bai. Kolonbian lau milioi nekazari inguru daude, baina [...]

Alvaro Idarraga (Ane Olaizola/Urola Kostako Hitza)

Alvaro Idarraga (Manizales, Kolonbia, 1962) Kolonbiako Instituto Mayor Campesino gobernuz kanpoko erakundeko kidea da. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko kide Itziar Arkonadarekin batera, Arazo globala, irtenbide lokala hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Elkargunean. Herrialde bakoitzeko errealitatea azaltzearekin batera, kontsumo ereduen, elikadura subiranotasunaren eta nekazaritza iraunkorraren inguruan arituko dira.

Ingurumen Hamabostaldiaren baitan eskainiko dute hitzaldia, Azkoitian sortzen ari den kontsumo taldeak antolatuta. Hala, gaurko saioan kontsumo taldearen filosofia eta asmoak azalduko dituzte. Hala ere, urriaren amaieran taldearen funtzionamendua azaltzeko beste bilera bat egingo dute.

Zertan egiten du lan Instituto Mayor Campesinok?
Gure elkarteak Kolonbiako Cauca bailarako egoera politikoa, soziala eta ingurumena hobetzeko egiten du lan. Bailara hamabost herriz dago osatuta, eta haien bizi kalitatea hobetzeko helburuz aritzen gara. Herritarrekin formazio prozesuak egiten ditugu, politikan eragiteko ahalmenak indar ditzaten. Nekazaritza asko jorratu dugu, baina gaur egun hirietan ere aritzen gara, eta herritarrak politikan parte hartzera bultzatzen ditugu, kaudimena eta ezagutza izan dezaten. Beraz, azken sei urteetan zabaldu egin dugu gure proposamena; nekazaritzatik harago goaz orain.

Zein da Kolonbiako nekazaritzaren egoera egun?
Gure herrialdeak, funtsean, nekazaritza du ardatz. Baina politika zentralarentzat sektore hori ez da lehentasuna. Industrian zentratu da, eta azken urteetan meatze ustiaketan ere bai. Kolonbian lau milioi nekazari inguru daude, baina sektore publikotik jasotzen duten babesa oso txikia da. Orduan, nekazari askok autogestioaren bideari heltzen dio; gainera, indarkeria politikoak bete-betean hartu du nekazaritza ekonomikoa. Kolonbian lurrak estrategikoak dira. Izan ere, aberastasun gehien pilatuta dagoen herrialdeetako bat da Kolonbia. Aldi berean, pobrezia ere asko dago pilatuta. Hala, gutxiren esku dago aberastasuna, eta biztanle gehienak izugarri pobreak dira. Biztanle behartsu horiek, hein batean, nekazaritzan jarduten dute. Aberatasunaren pilaketa hori lurraren banaketan dago islatuta; enpresa handiak edo lur-jabeek lursail gehienak eta onenak dituzte. Nekazari gehienek, berriz, ez dituzte lur emankorrak. Gobernuaren politikak, bestalde, agro-esportaziora daude bideratuta, eta produktu horiek multinazionalak ekoizten dituzte. Lurrak pilatzeko arriskua sortzen du horrek, eta, ondorioz, tokiko elikagaiak ez dira ekoizten.

Globalizazioaren ondorioek eragin handiagoa al dute Kolonbia bezalako herrialde batean?
Bai, noski. Zuzenean eragiten du horrek. Kolonbiak Ameriketako Estatu Batuekin sinatu berri du Merkataritza Askearen Ituna. Baina gure ekonomia, industria eta azpiegiturak ez dira lehiakorrak. Beraz, gure herrialdean diogun bezala, tigrearen eta lotutako astoaren arteko borroka da hau. Honek guztiak aberastasunaren pilaketa ez ezik, esportatzeko produktuak ekoizteko lurren metaketa areagotuko du.

Zer ondorio du honek guztiak?
Elikagai subirotasunean eragingo du lehendabizi. Herrialdera sartzen diren produkuen mendean egongo gara. Egun, gainera, meatzaritzaren inguruko presio handia dago, eta hau, berez, ez da Kolonbiako fenomenoa. Multinazionalek bultzatutako meatzaritza da egungoa, eta sektore hau ondare naturalen, lurren eta kulturaren jasangarritasunaren aurka ari da lehiatzen, besteak beste.

Egun, Kolonbian meatzaritzaren aurkako mobilizazio indartsuak daude. Tamalez, meatzaritza hau urrea ateratzera dago bideratuta, bertako mendiak oso aberatsak direlako. New Yorken (AEB) kontsumitzen duten urrea Andeetan ateratakoa da, eta horrek bertakoen jasangarritasunari eraso egiten dio. Adibide bat jartzearren, Manizalesen 300 urteko meategi bat dago; Espainiako kolonizazioaren meategi bat izan zen, eta zuloen bidez egiten zuten lan. Urre asko ekoiztu da mendeetan, eta biztanleak oso pobreak badira ere, aberastasun pila bat atera dute bertatik. Orain, meatze enpresa batek ustiatu nahi du, aire zabalean, eta horretarako mendia kendu nahi dute. Enpresak 20 urtean aterako luke geratzen den urrea. Orain arteko baldintzetan egingo balitz, 300 urterako adina ustiapen izango lukete biztanleek. Gure gizarteak izugarrizko presa du lurreko baliabideak ateratzeko. Ez dugu hurrengo belaunaldietan pentsatzen. Gaur aberastu nahi dugu, ez besterik. Hori da Kolonbiak eta Hego Amerikako herrialde gehienak bizi duten egoera.

Orduan, egoera hori orokorra al da?
Hegoaldeko herrialdeetan antzekoa da egoera. Argentinan, Kolonbian bezala, industriarentzat estrategikoki kokatuta dauden lurretatik desplazatu egin dituzte nekazariak. Multinazionalek hartu dute lurra, eta gobernuek horretan lagundu dute. Bost milioi desplazatu izan dira azken hamar urteetan, paramilitarismoaren eraginez, besteak beste.

Testuinguru honetan, zer eragin izan du FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek?
FARC lurraren auziaren eraginez sortu zen. Borroka armatuaren aukerarekin jarraitzeak, besteak beste, politikan dabiltzan sektore aurrerakoiei eta ezkertiarrei zilegitasuna kentzea ekarri du, horiek talde armatuekin lotzen dituztelako. Horrez gain, 70eko hamarkadan talde paramilitarrak sortu ziren, ustez gerrilla zegoen eremua babesteko. Baina gerrillari eraso egiteko aitzakia aprobetxatu zuten, nekazariak desplazatu eta lurraldea banatzeko.

FARC eta gobernua negoziatzen hasiko dira, eta, hain zuzen, gai nagusietako bat lurren auzia izango da. Egungo gobernuak hainbat gauza interesgarri egin du nekazariei lurrak itzultzeko, baina hutsuneak ditu. Halaber, lurrak defendatzen dituzten nekazariak hil egiten dituzte. Talde ilun batzuen presioek ez dute ahalbidetzen hainbat politika aurrera eramatea. Testuinguru horretan, negoziazioetan gai eztabaidatsua izango da hori.

Zer alternatiba proposatzen duzue nekazaritzaren arazoaren aurrean?
Merkatua dagoeneko irekita dagoenean, Kolonbian kasu, merkatu horrek eskaintzen duena kontsumitzeko joera dago. Kapitalismoaren logika da hori, eta eredu horrek porrot egin duela ikusi arren, saihestezina da. Herrialde aberatsen kontsumo eredura gerturatu nahi dugu. Baina hartu beharko genukeen aukerak etikoagoa izan beharko luke, errespetuzkoa.

Globalizazioaz gero eta gehiago hitz egiten badugu, tokikoa kontserbatzeko joera sortzen dela diote. Tokiko gauzetan dago kultura; bertan dago funtsa, eta bertan daude printzipio etikoak. Globalki begiratzen dugunean, fokua handiegia da tokiko gauzak ikusteko. Zentzu horretan, bestelako kontsumo eredua da aldaketarako gakoa, eta komunikabideek garrantzia handia dute horretan. Horiek eraikitzen dituzte ereduak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide