
Udalak, Azkoitiko Zero Zabor taldeak, Kontsumo Taldeak, ludotekak eta Oreka Bioelkarteak aurkeztu zuten atzo Ingurumen Hamabostaldia (Ane Olaizola/Urola Kostako Hitza)
Ingurugiroarekiko kontzientzia sustatzeko asmoz, Ingurumen Hamabostaldia antolatu dute Azkoitiko Udalak eta herriko hainbat eragilek; besteak beste, Azkoitiko Zero Zabor taldearekin, Kontsumo taldearekin, Abarketatxo ludotekarekin eta Oreka bioelkartearekin elkarlanean, hamaika ekintza eramango dituzte aurrera. Kanpainak abiatuko dituzte, eta hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte, besteren artean.
Ingurugiro Hamabostaldia aurkeztearekin batera, Trenbidearen Zumardiko parke berdean, liburutegiaren ondoan, aldaketak egingo dituztela adierazi du Inaxio Gorosabel zinegotziak. «Eremu horretan jende gutxi ibiltzen dela ohartu gara; besteak beste, zakur gorotz asko daudelako». Horregatik, eremua bitan zatituko du udalak. Hala, liburutegi ondoko zelaiaren lehenengo zatia herritarrentzako egokituko dute. «Bankuak jarriko ditugu, herritarrak paseatu eta etzanda lasai egon daitezen». Hori hala, zelai horretara ezin izango dute zakurrek sartu. Handik tanatorio alderako zelaia izango da zakurren esparrua, baina jabeek haien kaka jaso beharko dute. Gorosabelek adierazi du ekimen pilotua izango dela, eta erantzunaren arabera beste auzoetara zabaltzeko asmoa dute.
Halaber, zinegotziak adierazi du dagoeneko hasi direla bizikletentzako aparkamentuak jartzen herrian. Hainbat eremutan jarri dituzte; liburutegi ondoan, esaterako. Hala ere, aurrerantzean gehiago ezarriko dituztela aurreratu du.
Asmoa, kontzientzia piztea
Ingurumen Hamabostaldiaren baitan bi kanpaina jarriko dituzte abian. Batetik, autoponpostajea bultzatzeko egitasmoa sustatuko dute, eta konpostaje komunitarioan parte hartzera gonbidatuko dituzte herritarrak. Amaia Argarate Ingurumen teknikariak azaldu du konpostaje komunitarioa liburutegi ondoko baratzan ezartzeko asmoa duela udal elkarteak, eta bertan parte hartzeko izen ematea zabalduko dutela adierazi dute. Bestetik, arrandegi eta harategietan baliatzeko ontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte urriaren 2an eta 4an, plazan.
Haurrek ere izango dute zer ikasirik, eta horientzako ekimenak ere izango dira ludotekan; udaltzainek bideak erakutsiko dizkiete astelehenean. Zakurren gorotzen aurkako kanpaina ere egingo dute asteartean, eta kalean topatzen dituzten animalien gorotzei banderatxoak ezarriko dizkiete. Halaber, baratza tailerrak hasiko dituzte umeek, eta urtero bezala, bizikleta martxa izango dute aurten ere, Etxaniz Autoeskolaren laguntzarekin.
Herrian sortzen ari diren kontsumo taldeak, berriz, hitzaldia antolatu du urriak 3rako. Herrialde askotako nekazaritzak «arazo antzekoak» dituela adierazi du taldeko kide Aintzira Oñederrak. Hala, tokian tokiko nekazariek duten garrantziaz arituko dira Kolonbiako nekazarien elkarte bateko kide Alvaro Idarraga eta Euskal Herriko Nekazari Elkarteko kide Itziar Arkonada.
Oreka Bioelkarteak, beren aldetik, Elikapen energetikoa sukaldaritza ikastaroa hasiko du. Hiru egunetan izango dira saioak, eta bertan parte hartzeko Oreka Bioelkartera jo behar da, 943-02 62 31 telefonoaren bidez.
Hamabostaldia ixteko, Azkoitiko Zero Zabor taldeak Hondakinik gabeko erosketa! ekimena egingo du. Aurretik zehaztutako zerrenda bat oinarri izanda erosketak egingo dituzte herriko supermerkatu batean eta azokan edo Azkoitiko dendetan, herritarrekin batera. Hala, bietan sortutako hondakinak alderatuko dituzte.
—————————-
Egitaraua
Irailak 24, astelehena
-17:30-19:00. Bide hezkuntza saioa, Abarketatxo ludotekan.
Irailak 25, asteartea
-17:30-19:00. Txakur gorotzen aurkako kanpaina, zortzi eta hamabi urte bitarteko umeentzat, Abarketatxo ludotekan.
Irailak 27, osteguna
-11:00. Ontziratu zaitez kanpainaren aurkezpena, udaletxeko pleno aretoan.
Irailak 28, ostirala
-17:30-19:00. Mugikortasuna eta ingurumenaren inguruko jolasak, lau eta zortzi urte bitarteko haurrentzat, Abarketatxo ludotekan.
Irailak 30, igandea
-10:00. Bizikleta martxa, liburutegi ondoko plazatik. Ondoren, jolasak eta hamaiketakoa Trenbidearen Zumardian.
Urriak 2, asteartea
-17:30-19:00. Mugikortasuna eta ingurumenaren inguruko jolasak, zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrentzat, Abarketatxo ludotekan.
-10:00-13:00. Ontziratu zaitez kanpaina. Harategi eta arrandegietan erabiltzeko ontzi berrerabilgarriak banatuko dira, herriko plazan.
Urriak 3, asteazkena
-19:00. Arazo globala irtenbide lokala hitzaldia, kontsumo taldeak antolatuta. Hizlariak: Alvaro Idarraga eta Itziar Arkonada.
Urriak 4, osteguna
-16:00-19:00. Ontziratu zaitez kanpaina. Harategi eta arrandegietan erabiltzeko ontzi berrerabilgarriak banatuko dira, herriko plazan.
-17:30-19:00. Baratza tailerra egingo dute, zortzi eta 12 urte arteko umeentzat, Abarketatxo ludotekan.
-18:00-20:00. Elikapen energetikoa sukaldaritza ikastaroa egingo dute, Oreka bioelkarteak antolatuta. Elkargunean izango dira saioak.
Urriak 5, ostirala
-17:30-19:00. Baratza tailerra egingo dute, lau eta zazpi urte arteko umeentzat, Abarketatxo ludotekan.
Urriak 6, larunbata
-Goizean. Autokonpostaje erakusketa, eliz atarian, Urola Erdiko Udal Elkartearen eskutik.
-10:30. Hondakinik gabeko erosketa ekimena, herriko plazan, Azkoitiko Zero Zabor taldearen eskutik.
Urriak 9, asteartea
-18:00-20:00. Elikapen energetikoa sukaldaritza ikastaroa, Oreka bioelkarteak antolatuta, Elkargunean izango da ikastaroa.
Urriak 18, osteguna
-18:00-20:00. Elikapen energetikoa sukaldaritza ikastaroaren azken saioa egingo dute, Oreka bioelkarteak antolatuta, Elkargunean izango da ikastaroa.