Oinartxo-Eginoberri zabortegiak kezkatuta ditu Azkoitiko Udal Gobernua eta azkoitiarrak. Halaxe ikusi ahal izan zen Azkoitiko Udalak herenegun iluntzean egin zuen bilera zabalean. Udal Gobernuak Oinartxo-Eginoberri zabortegiaren inguruko azalpenak eman zituen; Pello Bastarrika alkateak, Esther Lizarralde alkateordeak eta Inaxio Gorosabel zinegotziak afera korapilatsua plazaratu zuten. Kultur etxea, berriz, txiki geratu zen; dozenaka herritar izan ziren bilean, eta batek baino gehiagok zutik jarraitu behar izan zuen saioa. Udal ordezkariek nabarmendu zuten Azkoitiak «arazo larria» duela zabortegiari dagokionez, «ekonomikoki» ez ezik, «osasunean» ere eragiten dielako herritarrei. Horren aurrean, irtenbidea bilatzen saiatu ziren guztien artean, eta gaiari jarraipena egiteko herritarrez osatutako talde bat sortu zuten. Udalak behin eta berriz berretsi zuen «beharrezkoa» dela «zabortegiko lixibiatuen tratamendua egitea dagokien erakundeen eta enpresen jarduerak gertutik jarraitzea». Horren aurrean, Hierros Eguino enpresa auzitara eramango dutela adierazi zuten, «legez» honi dagokiolako deskontaminazio lanak egitea.
«Baina, eta orain zer?», izan da herritarren galdera. Erantzukizunak eskatu dituzte, baina hainbat lagunek mesfidantza agertu du enpresekiko eta erakundeekiko. «Orain arte gaizki egin dutenen esku ez dezagun utzi ardura», zioen batek. Osasunari dagokionez, berriz, urte batzuk barru lixibiatuek ekar ditzaketen ondorioen inguruan arduratuta daude herritarrak; hori hala izanik, zabortegiak herritarren osasunean eraginik izango ote duen jakiteko probak egitea edo ikerketak abiatzea proposatu zuten batzuk.
Udal ordezkariek, berriz, adierazi zuten irtenbidea ez dela «erraza». Zabortegian piszinak «behar bezala» eginez gero, hasiera batean arriskurik ez dagoela adierazi du honek, baina Oinartxo-Eginoberriko zabortegiko 11 puntutan pitzadurak daudela jakinarazi zuen. Halaber, zabortegiko elementuak garraiatzeko ateratzea ere «kaltegarria» dela adierazi dute.
«Sustantzia arriskutsuak»
Udal ordezkariek zabortegiaren historia eta udalak Azkoitia Lantzen erakunde publikoaren bidez egin zuen salerosketa azaldu zuten. Gorosabelen arabera, zabortegiak ez zuen izan «irekiera baimenik», baina hala ere bere jarduera aurrera eraman zuten. Zabortegia 1994ean ireki zuten, baina udalak jakinarazi du 2011era arte ez zirela lixibiatuak tratatu. Udalaren esanetan, zabortegia, hasiera batean, 2007rako betetzea aurreikusten zen, baina 2006rako dagoeneko beteta zegoen. Udalak gogoratu du zabortegiak sustantzia inertizatuentzako lizentzia duela; oraintsu, proba batzuk egin dituztela adierazi dute, «notario aurrean», eta bertan «sustantzia oso arriskutsuak» agertu direla azpimarratu dute. Bileran azterketa horien datuak eta argazkiak plazaratu zituzten, eta sustantziok «sakontasun gehien duten eremutan» aurkitu dituztela adierazi zuten; hau da, sakontasun hori zabortegiari dagokiona dela adierazi zuten, eta ez piszinetako betelanei dagokiena.
———————————
EAJren arabera, herritarren osasuna «orain arte ez da arriskuan egon»
Azkoitiko EAJk adierazi du orain arte ez dela «inoiz» egon azkoitiarren osasuna arriskuan, eta Udal Gobernuak sustantzia kutsakorrak Oinartxo-Eginoberriko zabortegian aurkitu dituela adierazi badu ere, EAJk ukatu egin du hala denik. Honen arabera, Oinartxon aurkitu dituzten berun eta molibdeno indizeak piszinetako betelanetan daude, ez zabortegian bertan. Lan horiek 2011ko uztailean eta abuztuan egin zirela adierazi du alderdiak, beraz, Bilduri egotzi diote kutsatu izana, eta «ardura bakarra» koalizioarena dela gaineratu dute.
Halaber, zabortegia ireki zenetik pasa zen abuztuaren 31ra bitartean bertako lixiabiatuak «kontrolpean» egon zirela adierazi du EAJk, eta data horrez geroztik «kontrolik gabe» daudela salatu dute; Azkoitiko Udal Gobernuak, ordea, herenegun egin zuen bileran ukatu egin zuen hala denik.
EAJk salatu du Udal Gobernuak orain arte ez diela eman dizkieten «azalpenak» jarraitu; «duela hilabete batzuetatik esan izan diogu aurreko jabeak auzitara eraman ditzala eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diezaiola berak has ditzala lixibiatuen tratamenduak». Halaber, alderdiak zabortegiaren kudeaketan «positiboki lagundu» duela adierazi dute.
«Gaitasun eza»
Azkoitiko Udalak Bernardo Ecenarrori lurrak oraindik saldu ez izana, berriz, erakundearen «gaitasun ezarengatik» dela salatu dute jeltzaleek, eta enpresa Azkoitian ez izateak herriari «lanpostuen eta baliabideen galera» eragiten diola gaineratu du. EAJk gogorarazi du zabortegia euren agintaldian itxi zela; lixibiatuak tratatzeko ardura, ordea, lurren aurreko jabeena zela adierazi du; hau da, Hierros Eguino enpresarena. Honen «utzikeriaren» eraginez, ordea, orduko udalak zabortegiko piszina itxi zedin «neurri sendoak» hartu zituela adierazi du EAJk, Bernardo Ecenarro «ahal bezain laster» herrira etorri zedin «kudeaketa lanak arintzeko asmoz».
———————————
Datuak
-1980ko hamarkada. Oinartxo zabortegia Hierros Eguinok kudeatzen du.
-1992. Azkoitiko Udala (%25) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (%75) 259.624,50m2 lur erosi zituzten Egino Berri eremuan.
-1993. Udala eta GFA eta Hierros Eginoren artean trukea. GFA eta Udalak 60.387 m2-ko lur zatia jasotzen dute. Hierros Eguinok 82.313m2.
-1994. Oñeder S.A. eratzen da, hautsak inertizatzeko. Jabeak: Hierros Eguino, altzairugile handiak, Jaurlaritza, Ihobe.
-2005. Oñeder S.A.-ren %51 CESPAk erosten du. «Orduan CESPAko gerente izan zena, gaur egun Jaurlaritzako Ingurumen saileko zuzendaria da».
-2008. Azkoitia Lantzenek Hierros Eguinori erosten dizkio lurrak. «Deskontaminazio karga guztiak Hierros Eguinok bere gain hartzen ditu». 82.313m2 lur garbia, 60.387m2 lur kutsatuekin trukatzen da.
-2009. Azkoitia Lantzenek notario bidez jakinerazten du Hierros Eguinok ez dituela betetzen hainbat konpromiso. «Bertederoaren seilaketa, itxiera edota klausuraren proiekturik ez du aurkeztu Hierros Eguinok».
-2009. Salerosketaren eskritura publikoa: ikerketa baten arabera, 500.000 eurotan baloratzen dira deskontaminazio lanak. Hilabete gutxira Jaurlaritzak Hierros Eguinori eskaturiko txosten batean 15.613.000eurotan baloratzen da.
-2010. Berehalako obrak sustatzen ditu Azkoitia Lantzenek: Lurkide, Hondalanak eta Hirigintza enpresak kontratatzen ditu, lixibiatuak jaso eta depuratzeko instalazioak jar ditzan.
-2012. Kontratua amaitzen da, eta instalazioak eramaten dituzte. Udalak urgentziazko neurriak hartu eta lixibiatuen tratamendua egiteko beste enpresa bat hartzen dute. Azkoitia Lantzenek Hierros Eguino auzitara eramaten du. Jaurlaritzak bere gain hartzen du kudeaketa, ez, ordea, ordainketa.
