
Azpeitiko zinegotzi Iñaki Portilla, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Zestoako alkate Leire Etxeberria, Azkoitiko alkate Pello Bastarrika eta Azkoitiko zinegotzi Ainhoa Lopez, plana aurkezten, atzo (Ane Olaizola/Urola Kostako Hitza)
Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako udalek enplegu plan bateratua eramango dute aurrera, «egungo testuinguru ekonomiko larria arintzeko», eta eskualdeko enpresetan herritarrentzat lana sustatzeko. Egitasmoaren bidez herritarren eta enpresen «premiak» lehenetsiko dituzte. Izan ere, Leire Etxeberria Zestoako alkatearen arabera, egungo egoera «zaila» de eskualdean. «Inguruko hainbat enpresa ixten ikusten ari gara azken denboraldian; langileak kalera joaten, herritarrak zailtasun ekonomiko larriak izaten». Hala, udaletan «alarma gorri guztiak» piztuta daudela jakinarazi du Zestoako alkateak, arlo ekonomikoan ez ezik, ondorio sozial «nabarmenak» dituelako krisiak. «Eskualdeko lantegiak ixteak eta jendea langabezian egoteak ez du herria soilik ekonomikoki pobretzen; geure ongizatea kaltetzen du, herri izaeran eragiten du, herri eta eskualdeak ahultzen ditu, elkarbizitza sano eta egoki bat oztopatzen digu guztioi», berretsi du Etxeberriak.
Planaren bidez eskualdean «pixkanaka goraka doan langabeziari» aurre egin nahi diote udal ordezkariek. Hala, egitasmoak hiru ardatz izango ditu. Lehenengo pausoa eskualdeko merkatua eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egitea izango da. Horren inguruko «argazkia» egingo dutela adierazi du Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak. Behin diagnostikoa eginda, plana osatzeko estrategiak zehaztuko dituzte, eskualdean langabezian dauden herritarrak enplegua bilatzera bideratzeko. Horretarako helburuak definituko dituzte. Hala nola, «lanerako gaitasunak biderkatzeko» bitartekoak, eta ikerketa, garapena eta teknologia berriak indartuko dituztela, eta ekintzailetasuna sustatuko dutela jakinarazi du Azpeitiko alkateak. Lehenengo bi urratsak datozen bi hilabeteetan egiteko asmoa dute eskualdeko sei udalek. Behin hori amaitutakoan, proiektu zehatzak aurkeztuko dituztela aurreratu dute. Etxeberriak adierazi du egitasmoak 100.000 euro baino gehiagoko kostua izango duela. Alkatearen arabera, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak jarriko du diruaren %75. Lanbiderekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan jardutea espero dutela gaineratu du alkateak.
Udalak elkarlanean
Enplegu Plana aurrera eramateko, «herri ikuspegia» gainditu, eta elkarlanean arituko dira udalak, arazoa eskualde osoarena dela baiteritzote udalek. «Ohituta gaude, politikoen ahotik batez ere, guztiok batera, elkarrekin aritu behar dugula entzutera, baina oraingoan, hitzez baino, ekintzetara goaz», berretsi du Pello Bastarrikak, Azkoitiko alkateak. Etxeberriak nabarmendu du «elkartasunetik» eta «borondatetik» iritsiko direla «konponbidera». Badakite «ardura handia» dutela aurrean: «Herritarrei zor gatzaizkie, enplegu duina sortu behar baitugu».