Leire Iruretagoiena Orioko Bizilagunak eta Imanol Aleson azkoitiarrak Mont Blanceko Ultra Trail lasterketan lehiatu dira, eta «munduko korrikalari onenen» artean hamaikagarren eta hemeretzigarren postuan amaitu dute proba, hurrenez hurren. Herrialde askotako 2.300 lagunek hartu dute parte proban. Hogeita lau ordu irauten ditu, eta aurten, eguraldiaren eraginez, antolatzaileek ibilbidea moldatu egin behar izan dute. Ondorioz, eskualdeko mendiko korrikalariak zapore «gazi-gozoarekin» itzuli dira etxera. «Ez dugu egin benetako Mont Blanceko Ultra Traila; hori da dugun sentsazioa. Proba horretarako prestatu gara mentalki eta fisikoki, baina, egia esan, motibazioa galdu genuen proban bertan», adierazi du Orioko bizilagunak. Izan ere, jatorrizko probak 168 kilometro eta 9.600 metroko gora-behera positiboa du. Pasa zen asteburuan Mont Blancen egin zuen elurtearen eraginez, ordea, antolatzaileek ibilbidea aldatzea erabaki zuten, eta ondorioz, parte hartzaileek 108 kilometro egin zituzten, 6.000 metroko gora beherarekin. Hori hala, bi kirolariek uste dute hasierako ibilbidearekin emaitza hobeak lortuko lituzketela. «Denbora pasa ahala, korrikalari asko zeharo nekatzen dira, baina mendian ibiltzen garenontzat abantaila izaten da hori».
«Esperientzia izugarria»
Dena den, esperotakoa baino emaitza hobea dela adierazi du Alesonek. «Lehen berrogeita hamarren artean sailkatzea zen helburua, eta lehenengo hogeiren artean iristen banintzen, munduko onena izango nintzela esaten nuen, txantxetan». Biek ala biek lehenengo aldiz hartu dute parte Mont Blanceko Ultra Trailean, eta esperientzia oso ona dela adierazi du azkoitiarrak, «errepikatzeko modukoa». «Bertan egoten den giroa sinestezina da, benetan ona. Irteera unean 10.000 lagun inguru elkartu ginen, eta ikusgarria zen hura, oilo-ipurdia jartzeko neurrikoa».
Txapelketan parte hartzeko gogor entrenatu dute biek; Iruretagoiena, esaterako, Mont Blancera bertara joan zen aste batzuk lehenago, ibilbidea ezagutzera, eta azkoitiarrak ere han inguruan pasa zituen azken astean. Honek adierazi du aurretik asko jardun duela proba prestatzen, «eguna bera gozatzeko izaten baita».
Lasterketan sailkatzea soilik «oso zaila» dela adierazi dute, bertako antolatzaileek mendiko korrikalarien ibilbidea hartzen baitute kontuan. Hala, aurretik zehaztutako lasterketetako puntuazioak izaten dituzte ardatz. «Bi lasterketatan gutxienez bost puntu lortu behar dira bertan izena emateko. Horrekin batera, curriculuma bidali behar izaten dugu, eta hori baieztatzen dutenean zerrendan sailkatzen dituzte korrikalariak».
Alesonek adierazi du 6.800 lagunek eman zutela izena, 2.300 pertsonentzako. Ondoren, zozketa egiten dute antolatzaileek, baina norberaren ibilbidea ere kontuan izaten dutela adierazi du azkoitiarrak. «Ezustekoa izan zen probarako sailkatzea, bertan izena ematen duten guztiek baitute maila oso ona».
