Lanik edo esfortzu gogorrik egin behar ez badugu, nahiko ondo eramaten dugu ramadama. Atsedena hartzea garrantzitsua da. Indarra biltzen dugula sentitzen dugu egun hauetan, aurrera jarraitzen laguntzen diguna. Indar hori izan ezean, oso zaila izango litzateke jan eta edan gabe eustea». Ostiralean hasi zuten musulmanek ramadama, eta hilabete osoan baraualdia egingo dute eguzkia irteten denetik ezkutatzen den arte. Waheed Hussain eta Rizman Ali Jon pakistandarrak dira horietako bi. Biak duela pare bat urte heldu ziren Azkoitiara bizitzera, eta «indartsu» hasi dute ramadama.
«Gure erlijioarengatik dugun betebeharra da», dio Alik. Hala ere, gaixoek, haurrek eta hilekoarekin dauden emakumeak ez dutela egin beharrik argitu du herriko bizilagunak. Halabaina, ramadama amaitutakoan ere badute horretarako aukera. Izan ere, gaixotasun pasakorra dutenek osatutakoan berreskuratu dezakete ramadama. Gaixo kronikoek, berriz, pobreei janaria eskaintzen diete, beti ere horretarako baliabideak baldin badituzte. Izan ere, ramadamaren helburua «pertsona guztiak berdinak izatea» da, eta horretarako «eskuzabaltasuna» dute ardatz. Hala, ramadama «berrikuntza espirituala» da musulmanentzat. «Baraualdia egitean behartsuak ditugu gogoan, berdintasunean oinarritutako gizartea nahi baitugu», dio. «Munduko pobreekin bat egiten dugu ramadamean, haiekiko elkartasuna erakusten dugu», gaineratu du Hussainek.
Bi lagunek adierazi dute euren jaioterrian eta egungo bizilekuan berdin bizi dutela Ala jainkoa gurtzeko ekintza espirituala. Jaioterrian, ordea, bost ordu gehiago egon behar dute baraurik. «Pakistanen bero gehiago egiten du, eta hemen errazagoa da baraualdia jasatea», adierazi du Alik. Izan ere, eguraldiak asko baldintzatzen duela adierazi du Hussainek. «Azken egunetako beroak egarria sortzen du, baina ez du halako goserik eragiten, eta errazagoa da».
Orio eta Azkoitia topagune
Eguzkia ezkutatzen denean, familiartean eta lagun artean elkartzen dira. Azkoitian, esaterako, Elkargunean egiten dute otoitz, eta gauerdira bitartean elkarren berri izateko aukera izaten dute. Otoitzaldi bakoitzean, Coranaren zatitxo bat irakurtzen dute, ramadam bukaerarako liburu osoa amaitu ahal izateko. «Egunean zehar galdu dugun energia berreskuratzeko ere aprobetxatzen dugu. Janariari dagokionez, datil asko jaten dugu, bitamina asko dutelako».
Orion, laugarren otoitzaldiarekin baraualdia amaitzen dutenean, herriko meskitan elkartzen dira. Ordu eta erdira, berriz, beste otoitzaldi bat egiten dute, baina ez dira asko luzatzen, «bizilagunekiko errespetuagatik eta lanarengatik». Ostiral eguerdiko otoitzaldian, berriz, lagun gehiago elkartzen dira Orion; herrikoak ez ezik, eskualdeko inguruko herrietatik ere joaten dira Oriora, taldean otoitz egitera.
Hitzaldia, Azkoitian
Honen harira, Azkoitiko Udalak ramadamaren inguruko hitzaldia antolatu du gaurko. Jatorri askotako lagunek azalduko dute nola bizi duten ramandama; senegaldar, marokoar, pakistandar eta euskal herritar banak hitz egingo dute, zehazki. Hitzaldia 19:30ean izango da, Elkargunean. Ramadama Euskal Herrian eta euren jaioterrian nola ospatzen duten azalduko dute, besteak beste.