Dantzan, gauaren argitan

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 21a

Badator San Joan bezpera, espiritu txarrak uxatzeko eguna. Etzitik etzidamurako gauean, urteko gau motzenean, suarekin dantza egingo dute herritarrek eskualdean. Askorentzat gau magikoa da, suaren txingarrek eramango dituztelako urteko buruhausteak. Sorginkeria izango da giroan, eta ekitaldi ugari izango dira Urola Kostan, udako solztizioa ospatzeko. Zumaian, I. Eki Eguna antolatu dute herriko eragileek, eta suaren inguruan ekitaldi ugari egingo dituzte. Gainontzeko herriek ere antzeko itxura hartuko dute. Azpeitian, esaterako, ehun lagun inguruk hartuko dute parte etziko jaialdian, eta San Joan martxari hitza jarri diote, abestia herriko hizkerara egokituz. «Azpeitirako sortu da, eta badauka garrantzia bertara ekartzea», adierazi du Jaimen Amenabarrek, Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendariak. Egitaraua Azkoitia Ekainak 23, etzi. - Iluntzean: Sua piztu aurretik, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko Kandiola dantza taldeak eta Bizkargi dantza taldeak ikuskizuna eskainiko dute. - Iluntzean: Musika bandaren kalejira. - 22:00: Balda Plazan, sua piztuko dute Atzegiko kideek, Sahatsa Dantza Taldearen, Iraurgi Abesbatzaren, Parrokiko Abesbatzaren eta Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin. - Ondoren: Musika Eskolako dantza taldeak IV: Zatoz Dantzara Balda Plazara emanaldia eskainiko du.   ————————————– Esther Olaizola: «Atzegiren lana, azken finean, pertsonak gizarteratzea da» Azkoitiko Udalak Atzegi elkartea omendu nahi izan du San Joan bezperan, egiten duen gizarte lanagatik. Elkarteko kideek izango dute sua [...]

San Joan bezpera

Sua piztuko dute larunbat gauean eskualdeko herrietan, sorgin gaua ospatzeko (Argazkilaria: Nerea Uranga)

Badator San Joan bezpera, espiritu txarrak uxatzeko eguna. Etzitik etzidamurako gauean, urteko gau motzenean, suarekin dantza egingo dute herritarrek eskualdean. Askorentzat gau magikoa da, suaren txingarrek eramango dituztelako urteko buruhausteak. Sorginkeria izango da giroan, eta ekitaldi ugari izango dira Urola Kostan, udako solztizioa ospatzeko. Zumaian, I. Eki Eguna antolatu dute herriko eragileek, eta suaren inguruan ekitaldi ugari egingo dituzte. Gainontzeko herriek ere antzeko itxura hartuko dute.

Azpeitian, esaterako, ehun lagun inguruk hartuko dute parte etziko jaialdian, eta San Joan martxari hitza jarri diote, abestia herriko hizkerara egokituz. «Azpeitirako sortu da, eta badauka garrantzia bertara ekartzea», adierazi du Jaimen Amenabarrek, Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendariak.

Egitaraua

Azkoitia
Ekainak 23, etzi.
- Iluntzean: Sua piztu aurretik, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko Kandiola dantza taldeak eta Bizkargi dantza taldeak ikuskizuna eskainiko dute.
- Iluntzean: Musika bandaren kalejira.
- 22:00: Balda Plazan, sua piztuko dute Atzegiko kideek, Sahatsa Dantza Taldearen, Iraurgi Abesbatzaren, Parrokiko Abesbatzaren eta Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin.
- Ondoren: Musika Eskolako dantza taldeak IV: Zatoz Dantzara Balda Plazara emanaldia eskainiko du.

 

————————————–

Olaizola

Esther Olaizola (Argazkilaria: Xabier Otamendi)

Esther Olaizola: «Atzegiren lana, azken finean, pertsonak gizarteratzea da»

Azkoitiko Udalak Atzegi elkartea omendu nahi izan du San Joan bezperan, egiten duen gizarte lanagatik. Elkarteko kideek izango dute sua pizteko ardura. Udal ordezkariek hitz batzuk egingo dituzte sua hasi aurretik, eta ondoren, sua piztearekin batera, emango diote hasiera festari. Aurten ez dute urrezko intsigniarik banatuko, egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Esther Olaizola (Azpeitia, 1968) Atzegiko Urola Erdiko arduraduna da, eta elkarteak Azkoitiarekin daukan harremanaz hitz egin du, elkartearen funtzioa zein den azaltzearekin batera.

Nola hartu duzu omenduko zaituzteteneko berria?
Egia esan, lehentxeago esan didate [atzo]. Duela gutxi izan gara Azkoitiko udaletxean bailarako ordezkari moduan. Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarekin bildu ginen, eta gure berri eman genion, udala berria baita. Udal ordezkariak gizarte lanerako gogoarekin zeudela ikusi genuen. «Bai badakigu hor zaudetela», adierazi ziguten. «Baina ez zarete asko azaltzen, ez zarete ikusten». Azken finean, udalarentzat gaia lantzea garrantzitsua dela jakinarazi ziguten. Gureak-en lana egiten duen batek piztuko du sua.

Gustura hartu al duzu?
Bai. Gainera, harrera oso ona egin ziguten udaletxera aurkeztu ginenean. Zinegotziarekin bakarrik egon ginen, baina jarrera oso-oso ona erakutsi zigun. Azkoitiko Udalarekin ere kontatu nahiko genuke. Izan ere, Azpeitian daukagu zentroa, eta han e, Azpeitian biltzen dira, kalean ere Azpeitiaiten ditugu ekitaldi gehienak; han ateratzen gara kalera. Azkoitira ez gara hainbestetan etortzen. Lana elkarrekin egiterako orduan, Azkoitiko ekintzetan parte hartzea ere garrantzitsua dela esan zigun zinegotziak. Baietz esan nion, arrazoi guztia zuela; talde moduan ez garela herrira joaten. Garrantzitsua izan zen.

Orain, gainera, adimen urritudunak lan munduan sartzeko ahalegina egin nahi dugu. Lan arruntak egiten dituzte, baina badaude egin ditzaketen eginkizun batzuk. Errazena udalen bitartez langile horiek zerbitzu publikoetan sartzea dela uste dugu. Azkoitiko udal ordezkariak esan zigun ez dugula inoiz haiengana jo, hori dela medio. Horren inguruan zerbait egiteko prest agertu zen Azkoitiko Udala, gai garrantzitsua delako. Niretzako pozgarria izan da, beraz, omenalditxo hau egitea, gurekin gogoratu direla esan nahi baitu.

Nola azalduko zenuke Atzegiren zeregina zein den?
Adimen urriko pertsonen gurasoek 1960an sortutako talde bat da. Adimen urrikoak, azken finean, pertsonak dira. Atzegirentzako oso garrantzitsua da pertsona bakoitza hartu, eta zer egin dezakeen aztertzea; gizarteratzea. Atzegik lan munduan edo etxebizitza arloan, adibidez, lan handia egin duela uste dut. Gure ume hauen beharrak bestelakoak dira, gainontzeko herritarrekin alderatuta. Gainontzekoek bezalako eskubideak izan ditzaten lan egin du elkarteak.

Etxebizitzari dagokionean, zein da egoera?
Soldata oso baxuak izaten dituzte, eta, beraz, ezinezkoa zaie merkatuko prezioak ikusita, bizitokia izatea, edo gastuei aurre egitea. Foru Aldunditik laguntzak iristen dira, bai, baina hala ere ez da nahikoa. Haietako asko taldeetan bizitzeko moduan daude, baita bikotean ere. Denak multzo batean sartzen dira, denek adimen urritasuna daukatelako, baina denetarik dago. Atzegik hori dauka ona, pertsona bakoitza banaka aztertzen duela. Etxebizitzaren gaian, badaude bikote moduan bizi direnak; baina agian ekonomia arloa ez dute oso ongi kontrolatzen, beste batzuei garbiketa kontrolatu behar zaie… Atzegiren lana, azken finean, pertsonak gizarteratzea da. Bizitza ahalik eta normalena izan dezaten, lan bat edukitzen, dirua izaten laguntzea, bakoitzak bere ahalmenen barruan.

Nola funtzionatzen du Atzegik eskualde mailan?
Aizarnazabaldik Azkoitirainoko herriak hartzen ditugu. Tartean behin biltzen gara gurasoak Txolarteren lokalean. Boluntarioak ere han biltzen dira, sarriago. Apartekoa da jendea hori, benetan. Bizpahiru hilabetetik behin gertatutakoak kontatzeko biltzen gara, urteko plangintzak zehazteko, eta abar. Azken finean, ekonomikoki proiektu handienak Atzegik egiten ditu. Gure lana bertakoek ze arazo dituzten aztertzea da, besteak beste. Atzegira bideratzen ditugu batzutan.

Sentsibilizazio kanpaina asko egiten dituzue.
Urtero maiatzean egiten dira sentsibilazio kanpainak, baina aurten irailean egingo dugu. Eskola mundura begira egindakoa izango da, eta, beraz, irailean egitea erabaki dugu. Oraindik ez dut ikusi nolakoa izango den, baina horrela planteatzen da.

 

————————————

Beste herrietako egitarauak:

Aia
Ekainak 23, etzi.
- 22:00: Aiako Guraso Elkarteak antolatuta, sua piztuko dute plazan, eta dantzan aritu ahalko dira aiarrak. Zanpanzzarrak ere suaren bueltan ibiliko dira.

Aizarnazabal
Ekainak 23, etzi.
- 19:30: Aizarnazabalgo Guraso Elkarteak antolatuta, afaria.. Jana norberak eramango du.
- 22:00: Sua piztuko dute, eta jarraian dantza taldeak ekitaldia egingo du.

Azpeitia
Ekainak 23, etzi.
- 22:00: Ordu erdi inguruko saioa egingo dute, suaren inguruan. Juan Antxieta Musika Eskola, Haritz Garmendia, Azpeitiko Musika Banda, Itsasi dantza taldea, Julian Barrenetxea Abesbatza, Lakrikun antzerki taldeko Alaitz Olaizola eta areto dantzako bikote batek hartuko dute parte.

Getaria
Ekainak 22, bihar.
- 21:00: Tabernaren irekiera.
- 22:00: Bertso saioa, Artzape aldizkariaren alde. Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi, Agin Rezola eta Amaia Agirre. Gai-jartzailea: Iker Iriarte.
Sarrerak Mahastin daude salgai.
- 23:30: Musika emanaldia, DJ Itziar Laxalderekin eta Joseba Fuentesekin.
Ekainak 23, etzi.
- 12:00: Patata tortilla txapelketa, tabernari eta herritarrek.
- Aldi berean: Kantu jira, plazan hasita.
- 12:30: Naiara Urresti eta Izaro Lestayo trikitilariak.
- 17:00: Txokolate-jana (nahi duenak bere katilua eraman dezake).
- Ondoren: Ume jolasak eta motor eta patinete lasterketa. (Bakoitzak berea eraman behar du).
- 19:00: Euskal dantzak, Txeru taldearekin.
- 19:30: Clown emanaldia, umeentzat.
- 20:30: Afaria.
-22:30: Musika, Izer Alabier eta Lutxurdiorekin.
- 23:00: Danborrada (umeak beren tanborrak eramatera animatu dituzte).
- Amaitzean: Sua.
- Ondoren: Musika, Izer, Alabier eta Lutxurdiorekin.
Ekainak 24, igandean.
- 11:00: Meza nagusia, auzoko hildakoen omenez.
- 12:30: Txistorra, Maitane Subijana eta Naiara Urresti trikitilariek girotuta.

Orio
Ekainak 23, etzi.
- 20:30: Arribil dantza taldeak herriko umeekin kalejira egingo du, sorginez jantzita. Era berean, herriko gune batzuetan sorgin dantza eskainiko dute.
- 22:30: Arribil dantza taldeak Ikastola aurreko plazan saioa eskainiko du. Musika Eskolako dantza taldeko haurrek ere hartuko dute parte bertan.

Zarautz
Ekainak 23, etzi.
- 20:15: Schola Cantorumek sanjoanetako kontzertua emango du, Frantziskotarren elizan.
- 20:30: Sardina-jana, bertsolariak, sua, trikitilariak, Mollarri dantza taldea, eta Montetxio abesbatza, besteak beste. Azken Portuko lorategian.

Zestoa
Ekainak 22, bihar.
- 18:00: Denboraldi amaierako jaialdia, herriko pilotari federatuekin, Gurutzeaga frontoi zaharrean.
- 19:00:Aizarnako eskolako haurrek aurkeztuta, Estitxu zoriontsu antzezlana, Goiko Eskolan.
- 19:30: Ertxiña Musika Eskolako Banda Txikiaren eta talde instrumentalen emanaldia, udaletxeko arkupetan.
- 22:30: Filmetako soinu banden kontzertua, Zestoako Musika Banda eta Tolosako Arimaz orkestraren eskutik, plazan.
Ekainak 23, etzi.
- 17:00: Talentudunen finalak, alebin eta infantil mailatan, Gurutzeaga frontoi zaharrean.
- 17:00-19:00: Haur eta gaztetxoentzat puzgarriak, Aizarnan.
-19:00: Aizarnako Aranburu landaetxean sardina erreak eta sagardoa txotxean. Ondoren, San Joan sua, Aranburu landetxeko zelaian .
-22:00: Suaren bueltan, Itxaropena eta Idiakaitz txistulari taldeak girotuko dute gaua Zestoan.
- Ondoren: Laranjadi txaranga.
- 22:00: Su festa, Arroa Behean.
Ekainak 24, igandea.
- Arratsaldean: Haurrentzat puzgarriak, Iraetan.
- 20:00: Alima dantza taldearen ikasturte amaierako
emanaldia, Zestoako bainuetxean.

Zumaia
Ekainak 23, etzi.
I. Eki Eguna.
- 18:00: Haurrentzako tailerrak, kofradian.
- 23:00: Zumaiako joareak herrian zehar.
- 00:00: Antzerkia, txalaparta, dantza, bertsoak, sorgin salda… Beheko plazan.
- Ondoren: Itzurunera joango dira gaua luzatzera.

Urrestillan
Ekainak 22, bihar.
Sorgin gaua.
- 19:00etan, Sorgin Poteoa, trikitilariekin eta bertsolariekin.
- 21:00etan, gazte afaria.
- 22:00etan, kontzertuak: Devizio eta Gozategi taldeak.
- 22:15ean, pilota partidak, Txikuri pilotalekuan. Olazabal eta Peñagarikano, Aritz Lasa eta Larrinagaren kontra. Ondoren, Titin III.a eta Merino II.a, Gonzalez eta Barriolaren kontra.
Ekainak 23, etzi.
San Joan bezpera.
- 20:00etan, triki-poteo herrikoia.
- 21:00etan, txupinazoa, pregoia, agurra, eta segidan, herri afaria.
- 23:00etan, San Joan zuhaitza sartzea.
- 00:00etan, San Joan sua piztuko dute.
- 00:30ean, erromeria Obaneuke taldearekin.
Ekainak 24, igandea.
San Joan eguna.
- 09:30ean, dultzaineroekin goiz eresia.
- 12:00etan, meza nagusia.
- 12:45ean, Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua.
- 13:00etan, erraldoiak eta buruhandiak.
- 16:30ean, zezen txikiak eta pottokak haurrentzat.
- 18:30ean, zaldi proba: Azalgorreta Koateiren kontra.
- 22:30ean, Sahatsa dantza taldearen Bideko sentipenak ikuskizunaren emanaldia.
Ekainak 25, astelehena.
San Joan Gazte Eguna.
- 12:30ean, sagardo dastaketa, Auntxa erretegian.
- 15:30ean, mus txapelketa, herriko tabernetan eta elkartean.
- 17:30ean, Irrien Lagunak-en Kultura plazara ikuskizuna, haurrentzat.
- 20:00etan, triki-poteoa.
- 20:00etan, luntxa.
- 23:00etan, Laket musika taldearen kontzertua.
Ekainak 26, asteartea.
San Joan Txiki eguna.
- 16:00etan, puzgarriak eta zezen mekanikoa.
- 17:30ean, haurrentzako askaria.
- 18:00etan, txikienentzako erromeria
- 23:00etan, zuhaitzaren entierroa.

Oñatzen
Ekainak 23, etzi.
San Joan bezpera.
- 20:00etan, afaria auzoko tabernan. Gero, Juanito eta Xantirekin trikiti eta bertso saioa.
Ekainak 24, igandea.
San Joan eguna.
- 11:30ean, meza.
- Ondoren, hamarretakoa trikitilariek alaituta, eta herri kirolak.
- Arratsaldean, Xanti eta Juanito trikitilariekin erromeria.

 

Aiako Iturriotzeko egitaraua
Ekainak 22, bihar.
- 21:00etan, mus txapelketa, Izurtzu jatetxean. Lehenengo saria: txapela eta garaikurrak, bi lagunentzako afaria Argiñano jatetxean eta 100 euro; bigarren saria: garaikurrak, bi lagunentzako afaria Errota jatetxean eta 60 euro; hirugarren saria: bi lagunentzako afaria Izurtzu jatetxean, bi txanpaina botila eta 40 euro; laugarren saria: bi lagunentzako afaria Aristerrazu jatetxean eta bi txanpain botila.
Ekainak 23, etzi.
-18:30ean, herri kirolak: auzoko bi talde elkarren aurka arituko dira tronzan, txingan, harri jasotzen, korrika, karretilan…
- 21:00etan, San Joan sua.
- Gauean, erromeria Kupela taldearekin.
Ekainak 24, igandea.
San Joan Eguna.
-10:30ean, meza. Haur eta loreei bedeinkazioa.
-12:00etan, herri kirol saioa; segan, txanda librean ariko dira: Erasun, Lizaso, Rezabal eta Roteta. Harri jasotzen: Irigoien eta Izeta.
- Gero, Zubeldia eta Urdangarin bertsolariak, eta Tapia, Leturia, Epelde eta Lutxurdio trikitilariak.
- Ondoren, bazkaria, trikitilariekin.
- Arratsaldean eta gauean, erromeria trikitilariekin.
Ekainak 25, astelehena.
San Joan bigarrena.
-12:00etan, meza, ekaitzaren aurka eta auzoan hil direnen omenez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide