Azkoitiko Udalak herriko lorezaintza zerbitzua eskaintzen zuen Serbitzu enpresarekin kontratua ez berritzea erabaki du, «zerbitzu hori azpikontratatu beharrean bere gain hartzea erabaki du». ELA sindikatuaren arabera, ondorioz hiru lorezain kaleratuak izan dira. Sindikatuak langile horiei babesa agertu die eta egunotan antolatutako mobilizazioak bultzatu eta beraietan parte hartuko du. Hala nola, bihar 10:00etan hasita kanpamendu bat antolatuko dute Azkoitiko udaletxearen aurrean. 24 orduko akanpada izango da, eta etzi eguerdian Azkoitiko kaleetan martxa bat egingo dute kaleratutako hiru langileekin bat eginez.
Biharko zerbitzu publikoetako langileen mobilizazio eguna deitu dute, Zerbitzu publikoak indartu murrizketei stop lelo hartuta. Hala, hainbat mobilizazio elkarretaratze egingo dituzte lantoki publiko desberdinetan.
Azkoitian kalean gelditu diren hiru lorezainak, denbora luzez herrian lanean jardundakoak direla azpimarratu du ELAk. «Biren kasuan hamar urte baino gehiago daramazkite herriko lorategiak zaintzen. Baina, erabaki politiko batek kalean utzi ditu», salatu du sindikatuak kaleratutako oharrean.
Azkoitiko Udalak hiru langile kontratatzeko deialdia egin berri du; bi urterako hartuko ditu langileak. «Erabaki politikoa izan da, Udalak, egun batetik bestera, garai batean azpikontratatzea erabaki zituen zerbitzuak publifikatu edo berreskuratu nahi dituelako», dio ELAk. Baina, sindikatua ez dago publifikatze prozesuaren aurka, bai ordea «era traumatikoan, inolako negoziaziorik gabe eta irizpide ekonomiko hutsekin egindako berrantolaketen aurka».
Udalak hiru langile kontratatzeko egindako deialdiaren formarekin eta baldintzekin ere ez dator bat ELA sindikatua. «Behin behineko hiru kontratu dira eta lorenzaintzarekin zerikusirik ez duten hainbat baldintza betetzen dituzte». Horregatik, Azkoitiko Udalari lorezaintza zerbitzuaren prorroga eskatu dio ELAk, «denbora horretan egin nahi den berrantolaketa aztertu eta adostuta egin dadin. Hala, aipatutako ondorio traumatiko hauek ekidinez».
«Brigada indartu nahia»
Serbitzu enpresarekin azpikontratua ez berritzearen inguruan Azkoitiko Udalak azalpenak eman ditu, «azpikontratazioa ez du berrituko Udalak, zerbitzu pulikoen eta lanpostu publiko duinen aldeko apustua egiten duelako». Udalak, lorezaintza zerbitzua herri lanetarako brigadaren bidez emango duela adierazi du, horregatik hiru lanpostu publiko atera ditu, era horretan «brigada indartuz».
Udalak argi utzi nahi izan du Udalak ez duela inongo langilerik kaleratu, «langile horiek ez zirelako Udalaren langileak». Horregatik, Udalaren ustez ELA sindikatuak langile horie kaleratu dituen enpresarekin hitz egin beharko luke. «Zerbitzu publikoa indartu eta lan eskaintza publikoa sustatzea da gure helburua eta horren aldeko apustua egiten dugu», nabarmendu dute Udaleko arduradunek.