Hiru urte dira Zurt Taldea sortu zutela, nesken saskibaloi taldea. Iraurgiko emakumez osatutako azkenengo taldea 1992an desegin zela gogoratu du Jose Luis Zubizarretak, Iraurgi Taldeko zuzendariak. «Behe-behetik hasi ziren, eta hiru urtean bi igoera jarraian egin dituzte», jakinarazi du Xuban Urangak, taldeko bigarren entrenatzaileak. «Bi urtean nahiko erraz ibili dira, eta hirugarrengoan, oraingoz topea aurkitu dutela esan liteke. Maila altua dago, eta talde hau, gainera, oso gaztea da; kategoriako gazteena». 20, 21 eta 22 urteko neskek osatzen dute taldea, nahiz etaaurten 27 urteko donostiar bat hasi den eurekin lehiatzen. Junior mailako bi neska ere badaude taldean.
Sei urte daramate taldeko neskek elkarrekin jolasten. Kadete mailan hasi ziren, eta junior mailatik seniorrera igaro zirenean, taldea sortu behar izan zuten, «ez baitzegoen». Beraz, behetik hasi ziren. «Maila ona zeukaten, ordea», dio Urangak. «Aurrenengo bi urteetan nahiko erraz ibili ziren; 50 tantoko aldearekin irabazi izan zituzten partidak». Itsasne Zabaleta taldekideak, zera erantzun du, umiltasun osoz, hori entzun orduko: «Aurten 50 tantoren aldearekin era galdu dugu». Hala ere, partida zail batzuk irabazi dituztela ere gogoratu du; hirugarren sailkatuari aurrea hartu zioten, adibidez. «Liderrari gauzak zail jartzea» lortu zutela ere badiote. Hamargarren postuan daude, hamalautik. Partida asko jokatu dituzte mailari eustea lortu zutenetik. Helburua lortu dute, beraz: mantentzea. «Nahiz eta sailkapenean hiruzpalau postu gorago egon beharko luketen», entrenatzailearen arabera.
Jokoari dagokionean beste jokalariekiko «alde handia» antzeman dutela nabarmedu du Zabaletak. «Askoz fisikoagoa da, gogorragoak dira». Ez daude galtzera ohituta, aitortu du. «Lurjota geratzen gara, beraz, galtzen dugunean». Entrenamentu faltari bota dio errua Urangak. Taldekide askok kanpoan ikasten dute, beraz, ez dira inguruan bizi. Horregatik, astean hirutan entrenatzen diren arren, taldekide guztiak astean behin baino ez dira biltzen. Horrek eragin nabarmena daukala errepikatu du Urangak behin eta berriz. «Ostiraletan bakarrik egiten ditugu entrenamentuak, azken finean, eta maila horretan astean entrenamentu bakarra eginda, ez dago miraririk eskatzerik».
Hurrengo urtera begira, aldaketak egongo direla espero dute, bai entrenatzaileek, baita jokalariek ere. Zein izango diren zehazki ez dakite. «Baina entrenamentuetan gutxienez hamar lagunek egon beharko dute», dio Urangak.
Entrenatzailea eta jokalariak
Uranga bigarren entrenatzailea da, eta aurrenengoa Jose Ignacio Akosta da, eta sei urte daramate neskak entrenatzen. «Entrenatzailea baino gehiago, laguna dela esango genuke. Kadete mailako big
arren urtetik dugu entrenatzaile», dio neskak. Hala ere, Akosta lanez gainezka dabilenez, azken aldian Urangak hartu du bere gain neskak prestatzearen ardura.
Orokorrean nesken talde gutxiago dagoen arren, Iraurgiri dagokionean, taldean neska asko daudela esan dute biek. «Kanpoko klubei erreparatuz gero, ez dituzte hainbeste neska talde», dio Zabaletak. «Neska gehiago daude kadete zein infantiletan mutilak baino» gehitu du Urangak. «Teknifikazioetan ere, iaz neska gehiagok hartu zuten parte». Zabaletaren iritziz, «neska gehiago hasten den arren talde kirola egiten, errazago uzten dutela esango nuke. Mutilak gutxiago dira, baina denbora gehiagoan eusten diotela esango nuke. Denbora kentzen du kirola egiteak, lehiatzeak. Ez baduzu serio hartzen, eta ez badizkiozu zeure buruari emaitza onak eskatzen, alferrik da».
Coruñaren aurka irabaztea espero du Lan Mobel ISB taldeak
Partida garrantzitsua jokatuko du bihar Lan Mobel ISB taldeak Basquet Coruñaren aurka. Hurrengo astetik aurrera Urrezko Leb ligara igotzeko play-off-ak jokatzen hasiko da aurrenengo aldiz. Coruñako (Galizia) taldearen aurka irabaziko balu, sailkapen orokorrean bosgarren postua lortuko luke. Hala balitz, sailkapen fasea etxean jokatzen hasiko litzateke. Kanporaketan hirugarren partida bat behar izango balitz, etxean izango litzateke partida. Gainera, irabazita, Gasteizko Aurteneche Maquinaria Alava taldearen aurka jokatuko lukete. Galduko balute, berriz, seguruenik, Ourensera (Galizia) joan beharko lukete jokatzera. Beraz, «hobeto ezagutzen dugun taldearen aurka jokatuko genuke» gogoratu du Yurgi Caminos entrenatzaileak.
Biharko partidaz galdetuta, «joanekoa irabazi» egin zutela gogoratu du. «Gure helburua
irabaztea da. Liga nola dagoen ikusita, eta Coruñak guk adina garaipen dauzkala ikusita, batez ere».
Play-off-etarako ze asmo dauzkaten galdetuta, Bartzelona kenduta, «gainotzekoei guxtienez partida bat» irabazi dietela gogoratu du. «Aurrera ahal dugun gehien egiten saiatuko gara», dio, igotzea helburu jarri ez duten arren. Zortzi partida irabazi behar dira igotzeko. «Ez da erraza. Ez dugu esango helburua denik, baina behin kanporaketa batean gaudenean, aurkaria kanporatzen saiatzea izango da xedea».

