Kultura nahasketa ederra ikusteko eta bizitzeko aukera izan zen larunbatean Azkoitian. Banaiz Bagara ekimenaren bitartez, Gipuzkoan bizi diren etorkinek euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko jai giroko aukerak dituzte. Kantuen eta dantzen bitartez euskara lantzen dute, eta larunbatean Elkargunean 50 lagunetik gora elkartu ziren ekimenean parte hartzeko. Jatorriz pakistandarrak, brasildarrak, mexikarrak, txiletarrak, marokoarrak, senegaldarrak, espainiarrak… diren herritarrak eta hainbat azkoitiarrek bat egin zuten, abesteko eta dantza egiteko. Amaieran, mokadutxo bat hartu zuten denek elkarrekin. Shahid Iqbal, Whaiid Hussain eta Qaibsar Abbas, esaterako, pakistandarrak dira izatez. Azkoitian bizi dira, eta larunbatean Elkargunean izan ziren. Euskaraz ikasten ari dira, eta “gustura” hartzen dituzte eskolak HITZAri adirazi ziotenez. “Hemen bizitzeko garrantzitsua” dela iruditzen zaie, “jendearekin hitz egiteko”.


