XIX. Azkoitia-Azpeitia Diego Garciaren oroimenezko maratoi erdian izena emateko aukera guztiak zabaldu ditu Xeye Atletismo Taldeak. Martxoaren 31n izango da, 16:30ean, Azkoititik abiatuta. Aurten arte lasterketaren webgunean eta Kirolprobak.com atarian eman zitekeen izena probarako. Gaurtik aurrera, berriz, zenbait dendatan ere eman ahalko da izena. Ondorengoetan, hain zuzen: Azpeitian, Aradi Kirolak eta Aitzaki Kirolak dendetan; Azkoitian, Plaza Berri Sporten; Oiartzunen, Intersport-Extreme Ciclos eta Caravanas Oiarzun-en; Bilbon, Intersport-extrem dendan (Poza lizentziatua kalean). Interneten, berriz atari hauetan inskriba daiteke: www.sarralle.com eta www.kirolprobak.com.
Izena emateko 17, 20 edo 23 euro ordaindu beharko dira. Hau da, atletismoan federatuta edota lasterkari txartela dutenek edo txip horidunek 17 euro ordaindu beharko dute. Federatuta edo lasterkari karneta izan, baina txip horirik ez dutenek, edota federatu gabe egon eta txip horia dutenek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dute. Eta gainontzekoek 23 euro ordaindu beharko dute lasterketan parte hartzeko. Dendetan izena emateko aukera martxoaren 24an amaituko da. Webguneen bidez, berriz, martxoaren 29ra arte eman ahalko da izena. Azkenengo astean inskribatzen direnek bost euro gehiago ordaindu beharko dute.
Gehienez 1.600 korrikalari
Aurten gehienez 1.600 lagunek egin ahalko dute lasterka. New Balance eta Intersport etxeen promozio bat medio, doan har daiteke parte lasterketan. Horrez gain, proban parte hartzen dutenek %20-30eko deskontuak izango dituzte Intersport Extreme dendetako New Balance markaren produktuetan.
Iaz 1.324 atletak eman zuen izena gorengo mailako probarako. Gero eta handiagoa da korrikalari «herrikoien» parte hartzea, antolatzaileen arabera, eta aurten ere halakoentzat hainbat opari izango dela aurreratu dute. «Lasterketa erakargarria egitea da gure asmoa», diote Xeye Atletismo Taldekoek. «2011 urteko estatuko maratoi erdi azkarrenetakoa izan zen Azkoitia-Azpeitia. Valentziakoa izan zen maratoi erdi azkarrena, baina lehen 12 atleten denboren batez bestekoari erreparatuz gero, gure proba izan zen azkarrena», diote antolatzaileek. Iaz gizonezkoetan Stanley Biwott-ek ezarri zuen errekorra; 60:23ko denbora eginda. Aurten ere 60 minutuko marka haustea helburu dutela helduko da atleta asko herrira. Nesken marka ere ez da makala Azkoitia-Azpeitia proban. 2007. urtean Pamela Chepchumbak ezarritako hautsi gabe dago: 1:08:57ko denbora. «Maila guztietako atletak gonbidatu ditugu Diego Garciak sortu zuen lasterketa bikain honetan parte hartzera», azaldu dute Xeyekoek.