Gaur itzuli da Parmatik (Italia) Xabier Oroz (Azkoitia, 1996). Saskibaloiko Laguntasunaren Txapelketan izan da, Espainiako U 15 Selekzioarekin. Emaitza onak lortu ditu Orozek, eta Frantziaren eta Greziaren aurka jokatutako partidetan hasierako boskotean jokatu du, gainera. Azkeneko partidan, Italiaren aurkakoan, minutu gehienetakoa jokatu zuen jokalaria izan da.
Laguntzaile postuan
Laguntzaile edo eskolta postuan jokatzen du Orozek, eta beste hamaika gazterekin batera espainiarren selekzioan jokatzeko aukera eman diote. Katalunian aritu zen lehenago ere selekzio horrekin berarekin, eta Parmako norgehiagokara joatea han eskaini zioten.
Greziako, Frantziako, Italiako eta Espainiako selekzioek jokatu dute txapelketa. Greziaren aurka irabaztea lortu zuten arren azkoitiarraren taldekideek, gainontzeko partidak galdu egin zituzten. Horren ondorioz, hirugarren postuan gelditu ziren, Greziaren aurretik.
Aurrenengo partida Frantziaren aurkakoa izan zen, eta hamar minutu jokatu zituen Orozek. Bi puntu lortu zituen, baita beste bi errekuperazio ere. Azkenean, 52 eta 48 galdu zuten.
Greziaren aurka 80-76 irabazi zuen Orozen taldeak. 25 minutu jokatu zituen orduan azkoitiarrak, eta hemezortzi puntu atzetik joan ondoren, markagailuari buelta eman zioten.
Azkenengo partida italiarren aurka jokatu zuen Orozek, eta 66-71 galdu zutenez, hirugarren postuan gelditu ziren.