2010-2011 denboraldia festa giroan agurtu du Anaitasuna Futbol Taldeak. Urteroko usadioarekin jarraituz, festa eguna izan zuten klubeko partaide guztiek. Azken urtean hil diren Anaitasunako kideen aldeko meza entzun zuten parrokian, eta, ondoren, lagunarteko bazkaria egin zuten Anaitasunakoek.
Bazkalostean, sari banaketa ekitaldia eta omenaldien txanda iritsi zen. Denboraldian eta kategoria bakoitzean gol gehien sartu dituzten eta gehien nabarmendu diren jokalariek sari bana jaso zuten, taldeko arduradunen eta udal ordezkarien eskutik. Sari bereziak ere banatu zituzten ekitaldian. Besteak beste, Maitane Alberdik eta Eneritz Elortzak aipamen berezia izan zuten, futbolean hamar urtez jardun ondoren konpetitzeari utzi egin diotelako.
Bestalde, Anaitasunak Ohorezko Mailako Taldeak klubaren esker ona jaso zuen, Gipuzkoako Futbol Federazioak eman berri dion Zuzentasunaren Saria dela- eta. Gainera, Erregional Mailako entrenatzaile Aitor Ruizek eta Agustin Calerok ere omenaldia jaso zuten, beren taldeak mailaz igotzeagatik. Talde nagusiaren entrenatzaile Pablo Turrillasi ere egindako lana aitortu zioten, sari baten bidez. Azkenik, Joakin Sudupe Egurrola-ri orain arte egindako lana eskertu zioten. Erretiroa hartu berri du.
Urteko batzarra
Anaitasuna Futbol Taldeak Urteko Batzar Nagusia egingo du etzi, ostiralean, 19:00etan, Elkargunen. Zuzendaritza batzordeak bazkide guztiei dei egin die batzarrean parte hartzeko.