Jan Sano eta Bizi Pozik azoka egingo dute ekainaren 6an Aizarnazabalen

Ihintza Elustondo 2026ko maiatzaren 29a

Iazko Jan Sano eta Bizi Pozik azokako irudi bat. (Aitziber Arzallus)

10:00etatik 14:30era bitartean egingo dute bertako produktuak eta ekonomia sustatzea helburu dituen azoka, herrigunean. Bertako produktuez gain, umeen txokoa, poniak, bertsoak, musika... izango dira. 

Uda sasoia hurbiltzen ari denean ohikoa den moduan, Jan Sano eta Bizi Pozik azoka egingo dute Aizarnazabalen. Udalak jakinarazi duenez, ekainaren 6rako –larunbata– jarri dute hitzordua. Hain justu ere, 10:00etatik 14:30era bitartean egingo dute bertako produktuak eta ekonomia sustatzea helburu dituen azoka, herrigunean. 

Bertako produktuak, eskulangileen lanak eta baserriko tresnak ikusteko nahiz erosteko aukera izango da, baita animaliak ikusteko parada ere. Horrez gain, umeen txokoa jarriko dute, haiek jolasteko aukera izan dezaten; haiei zuzenduta, gainera, poniak izango dira. 

Bestalde, 11:00etan, ardi moztaileen ekitaldia izango da, eta 12:00etan, herriko gazteen bertso saioa. Eguerdian, era berean, bildotsaren pintxoak dastatzeko aukera izango da, baita txotxeko sagardoa probatzekoa ere. Gainera, musikarekin girotuko dute goiz-eguerdi partea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide