Ekitaldiz beteriko San Migel Txiki eguna ari dira ospatzen Aizarnazabalen

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 8a

Umeen krosa, txokolatada, meza eta erremonte partidak izan dira arratsaldean herritarren gozagarri. Goizaldera arteko dantzaldiarekin borobilduko dute eguna. 

San Migel Txiki eguna ospatzen ari dira gaur, ostirala, Aizarnazabalen, eta arratsalde bikaina igarotzeko aukera izan dute herrian. Izan ere, beste urte batez, umeek nahiz nerabeek krosa egin dute, eta arratsaldea borobiltzeko erremonte txapelketako partidak jokatu dituzte herriko frontoian.

16:45ean hasi dira lasterketak, eta adinka banatuta gauzatu dituzte probak, kaleak dozenaka lagunen animopean zeharkatuz. Ondoren, gainera, indarrak berreskuratzeko txokolate beroa hartu dute parte hartzaileek, eta eguraldia lagun zutela, primerako giroa nagusitu da herrian. 

Jarraian, mezarekin eta erremonte partidekin osatu dute iluntzera bitartea. Erremontean, Aiestaran VII.a eta Goikoetxea VI.a Deskargaren eta Aiestaran VI.aren aurka aritu dira lehen partidan, eta Ansa II.ak eta Zubirik Segurola nahiz Barrenetxea IV.a izan dituzte aurrez aurre bigarren partidan. 

Baina, festa ez da oraindik amaitu, eta musika izango da nagusi iluntzean hasi eta goizaldera bitartean. Basajaun taldearekin dantzaldia izango da 19:30etik 21:00etara zein 22:30etik 01:00etara. Gauerdian, berriz, Fury izango da Gaztetxean. Gainera, afaltzeko bokatak emango dituzte 20:00etan Gaztetxepean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide