Rock musika alde batera utzi eta techno jaialdia izatera pasa da aurten Adiskidefest Aizarnazabalgo musika jaialdia. Orain arteko edizioetan gehienbat herriko jendea izan delako, baina kanpoko jendea ere erakarri nahi dutelako erabaki dute laugarren aldi honetan musika estiloa aldatzea. "Rock musika beti Gaztetxekoa izan da, baina technoak ere jende asko mugitzen du, eta estiloz aldatzea erabaki dugu, jende gehiago erakartzeko", adierazi du Aratz Patxeta jaialdiaren antolatzaileetako batek. "Ikusi egin beharko dugu ea zer nolako harrera izaten duen edizio honek".
Larunbatean egingo dute jaialdia Aizarnazabalen, eta eguerditik goizaldera arteko egitarau zabala prestatu dute egun horretarako.
Eguerdian, 12:30ean, herriko gaztetxoei zuzendutako DJ ikastaro bat eskainiko dute Gaztetxean. Besteak beste, DJ emanaldietarako mahaiak nola funtzionatzen duen edota bozgorailuak nola konektatzen diren ikasteko aukera izango dute horiek. "Aizarnazabalgo Gazte Txokoan DJ emanaldietarako mahai txiki bat erosi dutela jakin dugu, eta gaztetxo horiek aurrerago Gaztetxera etorriko direnez, DJen funtzionamendua irakatsi nahi diegu Gaztetxeko kide garen aldetik", dio Patxetak.
Arratsaldean, berriz, 19:00etatik 21:00etara bitartean, DJ emanaldia egongo da herriko sarrerako parke txikian, gaueko festarako girotzen joateko.
Aldiz, 22:00etatik aurrera, Adiskide Gaztetxean, DJen emanaldiak izango dira goizaldeko 04:30etara bitartean. "Ordu bat kenduko digu ordu aldaketak, baina berdin-berdin ederki pasako dugu", adierazi du Patxetak. Xexe, AR., Baxerri eta Patx DJak arduratuko dira gauean zehar Gaztetxea girotzeaz.
Jaialdirako sarrera guztiz doakoa izango da, eta antolatzaileek herriko nahiz herritik kanpoko jende guztia gonbidatu dute festara.