Maiatzaren 23rako Aizarnazabalgo I. Mendi Martxa antolatu du herritar talde batek, Aizarnazabalgo Udalaren laguntzarekin. Behin herri inguruko ibilbideak seinalatuta zituztela ikusita, mendi martxa antolatzeko erabakia hartu zuten. Bi ibilbide jarri dituzte aukeran: motza, 8,6 kilometrokoa eta 400 metro desnibel positibokoa da. Ibilbide luzeak, berriz, 20 kilometro eta 1.068 metroko desnibel positiboa du. Dagoeneko bietan izena emateko epea zabalik dago Herrikrosa.eus webgunean. 15 euro ordaindu beharko da parte hartzeko.
Ibilbide luzean parte hartzen dutenek 09:00etan irtengo dute Aizarnazabalgo plazatik, eta aurrena ibilbide motzaren bidea egingo dute Iraeta eta Ibañarrieta aldera joz. Handik Larraskainetik eta Etxabe auzotik barrena ibiliko dira, berriro herrigunera itzuliz. Ibilbide luzea egin behar dutenek, bidea segitzeko Inda Mendi inguratuko dute San Kristobaletik igoz eta jaitsiz, herriko plazan bukatzeko. Ibilbide motzeko parte hartzaileek 10:00etan irtengo dute Aizarnazabalgo plazatik.