Julen Meabek eta Iñaki Lejardik irabazi dute Adiskide gaztetxeko mus txapelketa

Aitziber Arzallus 2026ko otsailaren 8a

Aizarnazabalgo gaztetxea bete zuen joan den ostiral iluntzeko mus txapelketak. (Utzitakoa)

Ostiral gauean Aizarnazabalgo gaztetxea leporaino bete zuen mus txapelketak. Herriko zein kanpotik joandako 28 bikotek parte hartu zuten, eta antolatzaileak ezin gusturago gelditu ziren erantzunarekin; datorren urtean berriz antolatzeko intentzioa adierazi dute.

Joan den ostiral iluntzean aspaldian ez bezalako betekada hartu zuen Aizarnazabalgo Adiskide gaztetxeak. Mus txapelketa antolatu zuten, eta izandako erantzunarekin ezin gusturago gelditu ziren gaztetxeko kideak. 28 bikotek parte hartu zuten, eta herrikoak eta inguruko herrietatik joandakoak ez ezik, espero zutena baino urrutiagotik bertaratutakoak ere izan zirela adierazi dute antolatzaileek. Esaterako, garaipena Bizkaira joan zen.

Hain zuzen ere, Julen Meabek eta Iñaki Lejardik osatutako bikoteak irabazi zuen txapelketa, eta 280 euroko diru saria eskuratu zuten. Bigarren lekuan, Zumaiako Axentxiok eta Rukak osatutako bikotea gelditu zen; hirugarren Gari eta Oihan aizarnazabaldarrak gelditu ziren; eta laugarren, Unax eta Aritz zumaiarrak. 

Ostiraleko mus txapelketak izan zuen arrakasta ikusita, datorren urtean ere antolatzeko asmoa adierazi dute Adiskide gaztetxeko kideek.

Julen Meabe eta Iñaki Lejardi, joan den ostiral iluntzean, Adiskide gaztetxean, saria jaso zuten unean. (Utzitakoa)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide