Kirol Herri txapelketako bakarkako probak jokatuko dituzte hurrengo larunbatean Aizarnazabalen

Iraia Oteiza 2026ko otsailaren 6a

Eneko Otaño aizkolari beizamarra. (Ibon Errazu)

Aizkolarien zein harri-jasotzaileen, gizonen nahiz emakumeen lanek osatuko dute herri kirol jaialdia. Sarrera 10 euroan eskuratu ahal izango da pilotalekuko leihatilan. 

Hurrengo larunbatean, otsailaren 14an, herri kirol saioa izango da Aizarnazabalgo pilotalekuan. Kirol Herri txapelketaren bakarkako probak jokatuko dituzte han, eta aizkolari nahiz harri-jasotzaileak ariko dira lehian, 17:00etan hasita. Jaialdia bertatik bertara ikusi nahi dutenek, sarrera 10 euro ordaindu beharko dute pilotalekuko leihatilan. 

Aizkoran, gizonetan, Hodei Ezpeleta Bihurri, Eneko Otaño, Ugaitz Mugertza eta Oier Kañamares ariko dira lehian, eta 45 ontzako enbor bat zutik eta 54 ontzako hiru enbor etzanda ebaki beharko dituzte. Emakumeetan, aldiz, Oihana Fernandez de Barrena, Maika Ariztegi eta Malen Barrenetxea lehiatuko dira, eta 45 ontzako enbor bat eta 54 ontzako beste bat ebaki beharko dituzte. 

Harri jasotzen, berriz, Eider Garcia Duranak eta Leire Oleak 75 kiloko zilindroa, 75 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bola jaso beharko dituzte. Gari Garmendiak eta Xabat Olaizolak, bestalde, 150 kiloko harri errektangularrarekin, 137,5 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko bolarekin egin beharko dute lan. Lau harri-jasotzaile horiek harriei ahalik eta jasoaldi gehien ematen saiatuko dira. 

Aizarnazabalgo saioa bakarkako Kirol Herri txapelketaren bigarren kanporaketa saioa izango da, aurrenekoa Azkoitian jokatuko baitute bihar. Guztira hamalau aizkolarik eta hamahiru harri-jasotzailek parte hartuko dute txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide