Hainbat lagun bildu ziren atzo arratsaldean Lauburun, Karmele Correyero aizarnazabaldarren Labyrinthus liburuaren aurkezpenean. Correyerok argitaratu berri duen bere lehen liburuaren gaineko xehetasunak eman zituen herritarren aurrean.

Aizarnazabaldarraren liburuak ez ditu erantzun itxiak eskaintzen. Are gehiago, giza adimena ulertzea enpatia eta ausardiazko ekintza dela nabarmendu du Correyerok bere lehen liburuan. Nortasun nahasmenduekin bizi diren pertsonek "barne borroka sakonak" dituztela dio hark, askotan "ikusezinak" direnak. Hori hala, irakurlearen begirada aldatzea du helburu idazleak, normaltasunaren ideia zurruna zalantzan jarriz. Gizaki guztiak desberdinak direla, eta aniztasun horrek "bizitza benetakoa" egiten duela azalduko du hark.