Karmele Correyero aizarnazabaldarrak Labyrinthus liburua aurkeztuko du bihar, osteguna, Aizarnazabalgo Lauburu aretoan. 17:30ean hasita, Correyerok berak argitaratu berri duen bere lehen liburuaren gaineko xehetasunak emango ditu herritarren aurrean.
Aizarnazabaldarraren liburuak ez ditu erantzun itxiak eskaintzen. Are gehiago, giza adimena ulertzea enpatia eta ausardiazko ekintza dela nabarmendu du Correyerok bere lehen liburuan. Nortasun nahasmenduekin bizi diren pertsonek "barne borroka sakonak" dituztela dio hark, askotan "ikusezinak" direnak. Hori hala, irakurlearen begirada aldatzea du helburu idazleak, normaltasunaren ideia zurruna zalantzan jarriz. Gizaki guztiak desberdinak direla, eta aniztasun horrek "bizitza benetakoa" egiten duela azalduko du hark.
Hain justu, Aizarnazabalen bertan hasiko ditu idazleak aurkezpen saioak. Heziketa berezian, psikologian eta psikopedagogian da aditua Correyero, eta idatzi berri duen lehen lanaren bueltako solasaldia eskainiko du hark gazteleraz.