GPSak ez die hutsik egin aurten ere Meltxor, Gaspar eta Baltasarri Aizarnazabalerako bidean. 18:40ak gertu zirela, hiru suziriren eztandarekin iragarri dute Errege Magoen iritsiera. Argi-zuziz, danborrez eta argiz apaindutako segizio koloretsua eta hainbat opari agerian zituen ibilgailua aurretik zutela, Gaiko Etxeberritik sartu dira erregeak Baltasar Etxabe kalean.
Aspaldiko Errege bezpera hotzena izan dute gaur Aizarnazabalen, termometroak gradu bakarra markatzen zuen erregeen etorrerarako, baina kale goikaldean zain zituzten haiek lehendabiziko haurrak eta haien etxekoak, zorroak eskuetan, erregeek zekarzkiten gozokiak jasotzeko pronto. Ekialdeko magoen karrozara igota egin dute haur batzuek desfile osoa, udaletxe atariraino. Segiziokoak zein Hiru Erregeak behean gelditu diren bitartean, magoen laguntzaile nagusia igo da udaletxeko balkoira. Han, Mari Karmen Arregi alkateak ongietorri hitzak eskaini dizkie erregeei, eta herriko giltza eman dio laguntzailearekin. Giltza hartuta, segiziora batu da hura, eta Atari Soro pilotalekura joan dira guztiak, herritarrak aurretik zituztela. Izan ere, eta urteroko ohitura betez, aurrez izena emana zuten herriko 0 eta 9 urte arteko haurrei opariak eman dizkiete. Banan-banan eta diren izarren gisara aurkeztuta sartu dira frontoira erregeak eta, umeen artean opariak banatu aurretik, zain zituzten Maria, Jose eta haurra agurtu dituzte; haientzako izan dira, izan ere, iluntzeko lehen opariak.
Ospitalarioak fundazioan ere bai
Baina iluntzeko desfilea, harrera eta opari banaketa ez dira izan Errege Magoen eguneko lehen hitzordua.
Aizarnazabalgo kaleetan agertu aurretik, Ospitalarioak fundazioaren Zuatzuko egoitzan izan dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar.
Lanpetutako egunaren ostean atsedentxoa hartuta, gauean izango dute lanik gogorrena, etxez etxe opariak banatzeko.