Treba Gaztean programaren barruan, Begirada kritikoa: fake news izeneko saioa egingo dute hilaren 22an, larunbatez, Aizarnazabalgo Lauburuko balio anitzeko gelan; 11:00etan hasiko da saioa. Begirada kritikoen eta diskurtso ukatzaileen inguruko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute han, 17 eta 24 urte bitarteko gazteentzat.
Saio horren helburua izango da albiste faltsuek gizartean eta erabaki pertsonaletan zein kolektiboetan duten eraginaz kontzientziatzea. Baliabide didaktikoak erabiliko dituzte, nerabeen eta gazteen parte hartzea ahalbidetzeko. Baliozkoa izan daitekeen informazioa emateaz gain, ideiak partekatzeko eta trukatzeko espazioak ere sortuko dituzte.
Saioan parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, honako lotura honetan dagoen galdetegia bete beharko da.