Ostegunetik atzo iluntzera arte festetan murgilduta izan dira Aizarnazabalgo Saiatz auzoan. Egitarau bete-betearekin, gogotik ospatu dituzte sankristobalak, bai auzotarrek, baita asteburuan inguruko herrietatik bertaratu diren dozenaka lagunek ere, eta festetako azken eguna, atzoko alegia, ez zen izan salbuespena. Arratsalde partean jendetza batu zen auzoan herri kirol jaialdiak erakarrita, eta batek baino gehiagok gauerdira arte luzatu zuten egonaldia, erromeriak lagunduta.
Jokin Eizmendi, Mikel Lopetegi Urra, Lierni Osa eta Unax Iruretagoiena harri jasotzaileak izan ziren plazara atera zirenak eta haiek emandako ordubete pasatxoko ikuskizunarekin gozatua hartu zuten begira egon ziren dozenaka herritarrek. Herri kirol saioa eta gero, Imanol Intxaustiren eta Iñaki Larrañagaren trikiti doinuek hartu zuten plaza, eta asko izan ziren dantzara animatu zirenak. Bertan afaltzeko aukera ere izan zuten nahi zutenek, 21:00etatik aurrera bokadiloak eskaini baitzituzten Txabolan, eta indarrak hartuta, 22:00etatik gauerdira arte erromeria giroa nagusitu zen berriz ere. Festak behar bezala bukatzeko, trikiti doinuak isiltzearekin bat txokolatea hartzeko aukera izan zuten artean Saiatzen gelditzen ziren.