Euskal Jai eguneko ekintzetan parte hartzeko izena eman dezakete herritarrek

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 3a, 15:00

Ttuntturroen desfilea, Aizarnazabalgo Euskal Jai egunean.

Ttuntturroen talde mistoan, herritarren arteko kiroletan eta danborradan parte hartzeko izena emateko epea ireki du udalak.

Irailaren 20an, larunbatez, ospatuko dute Aizarnazabalen Euskal Jai eguna, San Migel festa kuttunei hasiera emateko. Egun horretan egingo diren hainbat ekintzetan beharrezkoa da izena ematea, eta udalak zabaldu du jadanik horretarako epea.

Ttuntturroen taldean nahiz herritarren arteko kirol probetan parte hartu ahal izateko, herritarrek kultura@aizarnazabal.eus helbidera idatzi dezakete, edo 747 45 32 47 telefonora whatsapp mezu bat bidali. Ttuntturroen taldea mistoa izango da aurten ere, eta 18 urtetik gorako herritar guztiek har dezakete parte. Entseguak irailean izango direla aurreratu du udalak, baina egun zehatzak jartzeke ditu oraindik.

Herritarren arteko kirolen kasuan, bi talde misto sortuko dituzte aurtengoan, eta 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena horietan, uztailaren 18a baino lehen. Honakoak izango dira jokatuko dituzten probak: lokotx-bilketa, korrika, ingudea, trontza eta harri jasotzea.

Danborradan parte hartzeko gutxieneko adina, aldiz, 14 urtekoa izango da. Kasu honetan, 678 83 12 68 telefonoan eman beharko dute izena herritarrek. Lau entsegu egingo dituzte irailean, Euskal Jai egunaren aurretik: hilaren 9an, 11n, 16an eta 18an. Eskola azpian izango dira entsegu guztiak, 21:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide