Giro herrikoiarekin amaitu zuten atzo Aizarnazabalen pala txapelketa mistoa

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 26a, 09:24

Pala txapelketa mistoko finalaurreko bi partida eta finala jokatu zituzten atzo, eta Manex Arrutik eta Janire Garatek osatutako bikoteak irabazi zuen lehiaketa. Hainbat herritar elkartu zen herriko plazan txapelketa herrikoiaren azken partidak ikusteko.

Herriko plazako frontoiko kantxan nahiz harmailetan giro herrikoia nagusitu zen atzo arratsaldean. Aizarnazabalgo pala txapelketa mistoko finalaurreko bi partidak eta finala jokatu zituzten 12 tantora, maiatzean hasi zuten lehiari azken hatsa emanda.

19:00etan hasi zuten lehenengo finalaurreko partida. Larraitz eta Dabid Etxabek Ainara Sagarna eta Eñaut Larrarte Teo izan zituzten aurkari, eta uste baino lehenago amaitu zuten partida, Larrartek mina hartu baitzuen. Markagailua 6-3an gelditu zuten, etxabetarren alde.

Bigarren finalaurrekoan, berriz, Manex Arruti Txatok eta Janire Garatek osatutako bikoteak Iñaki Peñagarikano Artzain eta Ainhoa Etxabe hartu zituen mendean, 12-6ko emaitzarekin.

Finalerako sailkatu ziren, beraz, Etxabe anai-arrebak nahiz Txato eta Garate. Larraitz eta Dabid Etxabek indartsu hasi zuten norgehiagoka, aurkariei puntu saldo nabarmeneko aldea aterata, baina behetik gora egin zuen beste bikoteak, eta 11 puntura berdintzea lortu zuen. Garaipenaren tantoa, azkenean, Janire Garatek eta Manex Arrutik egin zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide