XII. Jan Sano eta Bizi Pozik azoka egin dute gaur goizean Aizarnazabalen, eta eguraldi ederra lagun, dozenaka eta dozenaka herrirtar bertaratu dira plazan eta inguruetan jarri dituzten postuak ikustera. Jakiak, kosmetikoak, arropa, osagarriak, baserriko tresneria eta abar ikusteko eta erosteko aukera izan dute; animaliak egon dira ikusgai; eta haurren txokoa ere jarri dute dute.
12:00etatik aurrera, bildots pintxoak eta sagardoa eskaini dituzte, eta ilara luzea sortu hasiera baten, 12:30erako sabela beteta izan baitzuten gehienek eguneko hitzordu berezienerako prest egoteko. Izan ere, Errenteriako (Gipuzkoako) Matxain eta Aizarnazabalgo Etxaberen idi pareak nor baino nor aritu dira Aizarnazabalgo probalekuan, itzain gizon eta emakume bana zituztela.
1.350 kiloko Forjas harriari tiraka hogeina minutu egin behar izan dituzte, eta Errenteriako parea izan da plaza gehien egin dituena. Hain zuzen ere, Matxainen Gorri eta Beltz idiek 47 plaza, lau zinta ta 1,54 metro egin dituzte Aitziber eta Ander Matxain itzainak lagun zituztela. Etxaberen Goku eta Krilin idi pareak, berriz, 43 plaza, lau zinta eta 1,76 metro egin dituzte Ander Etxabe eta Nagore Altuna itzain zituztela. .