Gazte Eguna hasteko txupinazoa botatzear zirela euria goian behean hasi izanak ez ditu atzeratu Aizarnazabalgo gazteak. Aurtengo egitaraua Far Aizarnazabal West lelopean antolatu dute Adiskide gaztetxeko kideek, eta halaxe, bakeroen alkandora eta kapela soinean zituztela hartu dute mikrofonoa gaztetxeko bi kidek, suziria aireratu aurretik plazan bildu diren herritarrei hitz batzuk egiteko. Euskaraldia ate joka dela kontuan izanda, herrian euskaraz aritzearen garrantzia nabarmendu dute hitzartzean; "ez gaitezen geure herrian forastero izan".
Behin txupina botata, goizeko ordu txikiak arte luzatuko den egitarauari hasiera eman diote zoro jolasekin. Ondoren, trikitilariek girotuta poteoa egin dute, eta 14:30ean bazkaria. Arratsaldean, berriz, taldekako eta banakako jolasak egingo dituzte, iaz egin gisan, Zooplost izenburupean. Gero, bingo musikatua izango da, eta jarraian Elektrotxuflaren emanaldia. Musikaz borobilduko dute eguna, kontzertuekin.
Hona hemen egitaraua osorik:
- 14:30. Bazkaria
- 16:00. Zooplost.
- 16:30. Musika Bingoa.
- 18:00. Elektrotxufla.
- 20:00. Euzkolabel.
- 22:30. Ostarte.
- 00:00. Maikiño, Indate, Patx eta Natx.