Udako udaleku irekietarako aurrematrikula epea zabaldu du udalak

Julene Frantzesena 2025ko ots. 8a, 09:04

Hainbat ume udalekuetan.

Aizarnazabalgo Udalak uztaileko lehen hiru asteetarako udaleku irekiak antolatzea aurreikusten du. Dena den, adierazi du aurrena aurrematrikula fasea gauzatuko duela, gero horren emaitzak atzertzeko eta udalekuak antolatu edo ez erabakitzeko. Aurrematrikulaziorako orriak liburutegian eskura daitezke.

Aizarnazabalgo Udalak uztailerako udaleku irekiak antolatzea aurreikusten du. Erakundeak adierazi duenez, udalekuak uztaileko lehen hiru asteetarako prestatzeko asmoa du, uztailaren 1etik 18ra bitarterako.

Aurrematrikula egiteko epea jarri du udalak, eta udalekuetan parte hartu nahi duten herritarrek datorren ostiralera bitartean eman ahal izango dute izena. Aurrematrikula orriak liburutegian eskura daitezke.

Aurrematrikula fase hori egoera zein den aztertzeko baliatuko du udalak. Hala adierazi du: "Aurrematrikula fasea martxan jartzeak ez du bermatzen udalekuen antolakuntza; aztertu eta emaitzen arabera erabakiko da aurrera egin ala ez".

Gizarte egoera eta aisialdi ohiturak aldatzen ari direla eta, udal txikiei eskaintzen zaizkien baliabideak ere murriztu egin direla adierazi du erakundeak. Udalak adierazi duenez, gurasoekin batera, beste bide batzuk lantzeko beharra ikusten du.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide